NJon Benito
bide-ertzean@hotmail.com
 



Taupadak

Jon Benito idazlea

2006ko urria



















 


Taupadak

Jon Benito / 2006ko urria

Zalantzan nago zer idatzi. Esan daiteke zerbait kantuan baino ederrago? Zalantzak beldurra dakar eskutik, ez ote dudan hitzokin kantuen magia zapuztuko. Magia esan dut: kantu batek bihotza dardaraka jartzeko ahalmena baitu oraindik. Jada hain gauza gutxik lortzen dutena lortzen du kantu batek. Ez da gutxietsi behar kantuaren indarra.

Diskoa zabaldu baino lehen, kantuak entzuten hasi gabe, asmoak berak liluratu nau: dokumentu historiko izateko asmorik gabe, kantuetara Historia ekartzeko saiakerak. Omenaldia, memoria, kantua da disko hau. Baina, esadazue, Imanol eta Joni: disko hau ez da dokumentu historikoa izango, zuen kantuak entzunda gerraz oroitzen bagara? Bekatu ederra egin baituzue: gerra edertu. Esan dut lehenago: bihotzak dardaraka jartzeko ahalmena du kantuak bere ederrarekin. Halako indarra du. Oroitarazteko indarra, adibidez: «Memoria gara» entzuten da diskoan. Memoria besterik ez baikara. Gogoratzen ditugu gauzak, lagunak, liburuak, pelikulak. Amodioak gara. Eta kantuak ere bai. «Oroimenak ez du atseden hartzen» entzuten da. Baina iraganeko itzulera oro literatura da. Literatura edo artea, berdin dio koadroaren ala kantuaren forman ekartzen zaigun. Ezin baita atzera itzuli. Gogoratu besterik ezin da egin. Baina zer gogoratzen dugu? Nola? Gogoratzearekin gertatutakoaren silueta lauso bat besterik ez dugu ekartzen gaur egunera. Kantua bere osoan ez, kantuaren melodia soilik.

«Gerrako zauriak ez dira zahartzen» abesten du Imanolek. Zuek hitzak eman dizkiguzue melodia horrentzat. Gogoratzea berriz bizitzea da. Zahartu ez den zauriaren arrastoa ikustea eta sentitzea, nolabait. «Haien bihotzen taupadak gara». Iragana kantu bat besterik ez da. Gogoratzea ez ahaztea da. Gogoratzea berriz bizitzea da. Gerran bizitakoa gordinagoa izan zen, baina Bide Ertzean-ek kantu gozo hauek ekartzen dizkigu gaurtik iraganera begira etorkizunerako. Eskerrak kantuek bihotzak dardaraka jartzeko indarra duten. Oraindik..

   
NJon Benito