NNagore Amnondarain
bide-ertzean@hotmail.com
 



Taupadak

Nagore Amondarain

zutabegilea

2008ko martxoa



















 


Taupadak

Nagore Amondarain / 2008ko martxoaren 29an

Berria egunkaria | Larrepetit: 'Homo Antecessor'

Iragana nagusitzen ari da azken asteetan. Lehenengo hezurren bila abiatzen gara Atapuercaraino. Eta arrakastaz burutzen dira antzeko indusketak, prentsan eta telebistan leku zabala eskainiz aurkikuntzei. Atapuercan aurkitutako masailezurra egungo gizakiaren arbaso zuzena delakoan asetu egiten omen du gure iraganaren zulo beltz hori.

Baina indusketetan, iragan urruna bilatzen abiatzen garen aldiro, iragan hurbila agertzen zaigu, gerra zibileko gorpuak nonahi. Eta orduan hasten da benetako iragana tirokatzen, Asturiasen izan da azkenetakoa, Sasetaren gorpua aurkitzean. Ingurukoek «Euskaldunen errolda» deitzen dioten zelaiaren alboan topatu da Sasetaren gorpua. Zelai horretan ehundik gora euskaldun omen daude lurperaturik oraindik. Beste behin ere, oroimena zulatuta etorri zaigu Asturias partetik.

Apaletatik berreskuratzen ditugu, besteak beste, Non Dira diskoa edo, era berean, Telesforo Monzonen hitz hunkigarriak eta Pantxoa eta Peioren doinuak. Ez dira atzean geratu eta berriro entzuten ditugu «non ote da itxaropena eta etsipenaren arteko muga, bide ertzean utzitako gorpuak...». Eta ez nuke ezkorregia izan nahi, baina «gure haurrek biharko ikastoletan euren izenak abes ditzaten...», oraindik ere historia iragan urrunetik hasten da geletan. Homo Antecessor Atapuercan topatu izana azterketarako ikasteko moduko notizia izango da. Ez ote dira Asturiaskoak arbaso zuzenagoak? Ez al gara haien bihotzen taupadak?.

   
NNagore Amnondarain