NCastillo Suarez
bide-ertzean@hotmail.com
 



Taupadak

Castillo Suarez idazlea

2006ko abendua



















 


Memoria

Castillo Suarez / 2006ko maiatza

Aste batzuk barru, Memoriaren Parkea mustuko da Sartagudan.

Nafarroan ez zen fronterik ez lubakirik egon Espainiako Gerra Zibilean, baina 3.280 pertsona inguru hil zituzten arrazoi ideologikoengatik. Parkean omenaldia egin nahi zaie hildako horiei guztiei batetik; eta memoria aldarrikatu, osatu eta zaindu dutenei bestetik. «Bizitza bizitza da, eta ez bere emaitzak». Bernardo Atxagaren hitzok irakur daitezke parkearen euskarrietako batean. «Bizitza bizitza da, handiena; kentzen duenak kentzen du dena». Bizitza galdu zuten pertsona guztien izenak ageri dira horma handi batean. Lazgarria da pentsatzea zenbat gertakari eta sentipen dagoen izen bakoitzaren pean.

Pablo Antoñanaren testuak dioenez, «Gerretan beti galtzen dute berberek, eta abiatzen dituztenak, beti daude estalian». Bistan da, isiltasuna nahi zutenek orduan isilik daude gaur egun ere. Bestalde, isilik egotera kondenatu zituztenak denbora luzez egon dira isilik.

Memoriaren Parkea izan da isiltasun hori urratu duen ekimenetako bat. Espazio ireki eta atsegin bat. Agur esateko toki bat. Azalpenerako leku bat. Finean, denborak ezin izan du estali alde batekoek jasandako oinaze handia; Jose María Jimeno Jurioren hitzetan, «Oinaze ikaragarria biktimentzat eta ezezaguna, ordea, borreroarentzat».

Eta hori askoren lanari esker izan da, zer ospatua izanen dutenak datorren maiatzaren 10ean, Sartagudan.

   
NCastillo Suarez