1936ko gerra eta inguruko garaiak gai hartuta diskoa grabatzen
ari da Bide Ertzean taldea. Gorka Urbizuk eta Quique Gonzalezek kolaborazioak
egingo dituzte.
Oihana elduaien / Andoain
Etxetik
datorkie gaia Bide Ertzean taldeko kide Imanol eta Jon Ander Ubeda anaiei.
«Nik jakin nahiko nuke gure aita non dagoen». Horixe esan
zion aitak Imanoli, telebistako albistegian 36ko gerran hildakoen gorpu
batzuk lur azpitik ateratzen ari zirela ikusi zutenean. Ez dakite non
dagoen beren aitona, eta birraitona, berriz, fusilatu egin zuten. 36ko
gerrako biktimak dira. Hainbesteren artean, beste bi.
Etxean bizi izandakoak sortutako jakin-min pertsonal batetik dator Gaztelupeko
Hotsak zigilupean argitaratuko duten eta egunotan Andoaingo (Gipuzkoa)
Garate estudioetan grabatzen ari diren diskoaren ideia. Jose Ubeda Sanchez
birraitona UGTkoa zen, eta Jose Ubeda Apaolaza aitona, CNTkoa. Birraitona
gerra hasi bezain pronto preso hartu eta fusilatu zuten, eta aitona,
berriz, gerrako frontean ibili eta espetxean zein kontzentrazio esparruetan
egon ostean, desagertu egin zen.
Horrek markatu egiten du familia bat. «Gure etxean -beste hainbatetan
bezala- tabu antzekoa izan da gaia; gurasoek-eta ez digute horretaz
hitz egin, eta geuk ere ez dugu galdetu», dio Imanolek. Baina
aitaren galdera horrek gaia landu beharra-edo sentiarazi zien, eta hariari
tiraka hasi ziren. «Zer gertatu zen jakitea» zen hasierako
asmoa, eta, azkenean, beraien begietatik gerra, gerra aurrekoa eta ondorena
nolakoak izan ziren esplikatu dute.
«Ikastolan ez zaigu kontatu 36ko gerran gertatutako hori».
Beren kasa dokumentatu dira. «Horretan ari ginela, benetan istorioa
zoragarriak aurkitu ditugu, Madrilgo Arrosa Gorrien edo Les Dones del
36 emakume taldearen istorioaren gisakoak».
Hori guztia bere erara ematea da Bide Ertzean taldearen ekarpena. «Idazleek
eta historialariek liburuak egingo dituzte, dokumentalista batek dokumental
edo film bat... Guk kantuak egiten ditugu, eta hortik abiatuta, gure
publikoari momentu honetako kezka helarazi nahi diogu».
POZIK KOLABORATZAILEEKIN. Quique Gonzalez madrildar
bakarlariak eta Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk kolaborazioak egingo
dituzte disko honetan. Aurretik ere kolaboratu izan dute biekin, eta
berriz egitea erabaki badute, gustura dauden seinale.
Gonzalezek ahotsa grabatzeko eguna zuen herenegun, eta Joserra Senperena
Kaki Arkarazorekin teklatuak grabatzen ari zen bitartean, pozarren zeuden
Imanol eta biak Garate kanpoan, txandaren zain, galderei erantzuten.
Elkarrekin eroso zeudela ziruditen. Lasai, nahiz eta euskaraz lehen
aldiz kantatu beharrak nahiko buru- hauste sortu zizkion Gonzalezi.
«Agian, beste hizkuntza bat asmatuko dut!», zioen, txantxetan.
«Ondo prestatu dut, eta moldatuko naizelakoan nago», serioago.
Proposamena jaso orduko baiezkoa erantzun zuen Gonzalezek. «Aurretik
elkar ezagutzen genuen, eta gustatzen zait egiten dutena». Elkar
miresten dutela dirudi. Ubeda anaiek aurreneko diskotik jarraitu dute
Gonzalez, eta Errenterian (Gipuzkoa) ikusi zuten aurreneko aldiz kontzertuan,
hori izan zen aurreneko kontaktua. Madrildarrak ere bazuen Bide Ertzean
taldearen berri. Taldeak 2002an Maite out diskoa argitaratu zuenean,
Gonzalezi bidaltzea erabaki zuen. «Benetan asko gustatu zitzaidan»,
azaldu du madrildarrak.
Baina Esan Bare diskoaren biran batera eman zituzten bi kontzerturen
ondoren zen benetan harremana. Hor, jada, lagun egin ziren. Joserra
Senperena --teklatuetan aritzen da-- Gonzalezen taldera batu zen, eta
lotura hori ere hor zegoen.
Imanolek kontatzen duenez, oraingoan, «Joni [Jon Ander] kaskarrean
sartu zitzaion Quiquek disko honetan kanta bat abestu behar zuela, eta
halaxe egin genuen». Gonzalez azken diskoa (Ajuste de cuentas)
Donostian aurkezten izan zenean, ikustera joan eta proposamena egin
zioten, eta Gonzalezek gustura hartu zuen eskaintza. «Naturala
izan zen, lagunak gara, denok abestu egiten dugu, eta feeling-a dago»,
diote.
Kantua aukeratzea haren esku utzi zuten, eta oso gustura dago aukeratutakoarekin.
«Kuriosoa da», dio Imanolek, «Gorka Urbizuri kanta
batean abestea proposatu, eta 13 kantak eman genizkion entzuteko. Bada
hari ere Quiqueri gustatutako kanta bera gustatu zitzaion. Hartuta zegoela
esan genion, eta oso ondo iruditzen zitzaiola erantzun zigun, baina
behin eta berriz azpimarratzen zuen kanta hori oso ederra dela. Harrituta
geratu nintzen».
%100 BERAIENA. Grabatzen ari diren diskoa, besteak ez bezala
oso-osorik beraiena da, hitz guztiak ere beraiek egin baitituzte. «Normalean
beste idazleetara jotzeko joera dugu; esate baterako, Jose Luis Otamendi,
Euskal Herriko poeta handienetako bat, oso gertukoa egiten zaigu; Joseba
Sarrionandiaren hitzak ere musikatu izan ditugu, Iñigo Aranbarrirenak...
Oraingoan, ordea, geuk egin dugu lan hori. Agian, gaiagatik izango da,
nahiz eta garai hartako testu onak ere aurkitu ditugun. Geureekin egitea
aukeratu dugu». Halaxe osatu dituzte hitzak. Han eta hemen aurkitu
dituzten testu, istorio eta abarretatik sortu dituzte letrak. Gerra
usaineko letrak. Gerra hitzez osatutako letrak.
Gainerakoan, sortze prozesua beti bezalakoa izan da. «Melodien
gainean lan egiten dugu. Melodia bat daukagunean, hura hitzez josten
hasten gara, eta hortik aurrera, kantua garatzen da talde osoarekin».
Apirilaren 14an hasi ziren entseatzen, errepublika aldarrikatu zuten
egunean bertan. Kasualitatea izan zen. Maiatzean astebete pasatu zuten
estudioan, eta baseak grabatu zituzten, baxua, akustikoak, eta ahots
batzuk. Orain, egunotan, pianoa, teklatua eta gainerakoak grabatzen
ari dira. Datorren astean amaitu nahi dituzte grabatze lanak, eta irailean
nahasketak eginda, udazkenerako prest eduki nahi dute, urrirako edo.
Zuzeneko kontzertuak jotzeko garaia izango da orduan. Gogoz daude. Zuzeneko
horietan kolaboratzaileak ere izango diren galdetu diegu; gogoa behintzat
badutela nabarmen geratu da. «Ondo legoke», dio Imanolek.
«Egingo dugu», gaineratu du Gonzalezek. Ikusiko egin behar
aukerarik duten.