8
urte daramatzate errepidean eta hurrengo hilean kaleratuko dutenarekin
6. diskoa izango dute merkatuan. Gaur gauean eskainiko duten kontzertuaz,
diska berriaren inguruan egindako lanaz eta azken urteetako ibilbideaz
mintzatu da Hitza Bide Ertzean taldeko Imanol eta Joni Ubeda anaiekin.
I.
ASENSIO-J. GOIKOETXEA
Gauza gehiegi dira egunotan galdetzeko baina gaur gauekotik
hasiko gara. Nolakoa espero duzue kontzertua?
Hilabete batzuk dira ez dugula jaialdirik eskaini eta horregatik gogo
biziz gaude. Ahalik eta ondoen pasatzeko asmotan hurbilduko gara zezen-plazara.
Guretzat, kontzertu bakoitza ospakizun modukoa baita. Hortik aurrera,
ez dugu ezer berezirik espero. Eguraldia ez dadila oztopo izan.
Cotirekin
batera ariko zarete zezen-plazako eszenatokian. Zer suposatzen du zuentzat
berarekin aritzeak?
Bera eta bere taldea ezagutzeko aukera izango dugu. Hortik aurrera,
ezer berezirik ez. Cotirekin bezain gustura joko genuke Bonberenean
Jonerekin, Ibarrako Gaztetxean Berri Txarrakekin edota Leidorren Quique
Gonzalezekin.
Izango
al da disko berriko abestirik entzuteko aukera gaueko saioan?
Aste osoa eman dugu diskoari azken ukituak ematen. Dena den, disko berria
urrian plazaratuko dugunez, biharko [gaurko]emanaldian hiru kantu berri
eskainiko ditugu eta gainontzeko abestiak aurreko diskoetakoak izango
dira.
Diskoarekin
sartu garela aprobetxatuz, zertaz mintzo da disko hau, nolakoa izango
da?
36ko gerran eta batez ere gerraostean erreparatu dugu. Kantu guztiak
hari horrekin josi ditugu. Zentzu horretan, disko kontzeptuala izango
da. Hasiera batean, gure etxean gertatutakoaz hausnartzen hasi ginen.
Jose Ubeda Apaolaza, Altsasuko gure aitona, 36ko gerran desagertu zen
edo desagertarazi zuten; Jose Ubeda Sanchez, birraitona, Urbasan erail
zuten. Gerra ondorengo urteak ere oso gogorrak izan ziren. Gure etxekoak
erbestera jo behar izan zuten. Dena den, diskoa ez da biografikoa. Ez
dugu historialariarena egin. Gure kantuen bidez, gerrari buruzko hainbat
kontu kantu bihurtu ditugu. Etxekoak eta etxetik kanpokoak: Usurbilgo
Manuel Goenaga gudariak gerraz kontatu dizkigunak, Madrilgo 13 Arrosa
Gorrien istorioa, Kataluniako Les dones del 36
Eta
musikalki?
Nik uste dut Joserra Senperena piano-joleak protagonismo berezia bereganatu
duela lan berrian. Karlos Aranzegik, Fran Iturbek eta Kaki Arkarazo
teknikariak, beste behin ere, lan handia egin dute.
Deabruak
albo batera utzita, badira 8 urte Bide Ertzeanek lehen diskoa kaleratu
zuela. Ez dago duda egiterik euskal musikagintzan erreferentzia zaretela.
Zer dute ubedatarrek?
Eskertzekoak dira zure hitzak, baina urruti samar joan zara. Gu pertsona
arruntak gara. Musikaz haratago, gure adineko jendeak dituen zeregin,
ilusio eta kezka antzekoak ditugu. Kantuak egitea dugu gustuko, baina
ez dut uste horrek bere horretan ezberdin egiten gaituenik.
Zuekin
batera, Karlos Aranzegi, Joserra Senperena eta Fran Iturbe aritu dira
azken urteetan eta baita azken diskoa grabatzen ere. Maila honetako
musikariak zuen alboan aritzeak esan nahiko du zerbait zuen alde, ezta?
Edo kontra! Hainbeste urte euren alboan eta ezer gutxi aurreratu dugu
gure instrumentuekin! Baina lehen esan dugu, izatekotan, kantu egile
gara gu. Tira, egia esan, bidelagun zoragarriak topatu ditugu. Musikari
handiak dira, gainera. Arrazoi duzu.
Diskoaren
grabaketan Quique Gonzalez abeslari eta konposatzaile madrildarra eta
Berri Txarrakeko Gorka Urbizuk jarri dute ahotsa. Zer eman diote diskoari?
Gorkari esker, kantuak indar handia hartu du. Ez dut atzera egingo abestiari
zerbait falta zitzaion. Gorka kantari trebea denez, hutsune hori ederki
bete du eta abestiari aire berria eman dio. Quiquerena, aldiz, kapritxoa
izan da. Esan bare (Gaztelupeko hotsak, 2004) diskoaren aurkezpen biran,
elkarrekin jo genuen Bilboko Kafe Antzokian eta Andoaingo Basteron eta
lagun handiak egin ginen. Euskaraz jarri dugu kantari eta asko edertu
du kantua bere ahots zoragarriarekin.
Nahasketak
amaitzen ari zarete eta hausnarketarako garaia da. Gustura al zaudete
lorturiko emaitzarekin?
Egia esan, neketsua izan da nahasketa prozesua eta arnas pixka bat hartu
beharko genuke balorazioetan hasi aurretik. Dena den, inoiz baino gusturago
izan gara estudioan. Lehen aldiz, kantuetako letra denak gureak dira.
Musikalki ere, lan handia egin dugu denok. Baina beti bezala, entzulea
izango da epaile egokiena.
Zergatik
'Non dira' diskoaren izena?
Gure etxean bezala, beste etxe askotan ere badira 36ko gerran eraildakoak,
desagertutakoak... Hortik izena. Baina berriz diogu, gerra ondorengo
garaia ere latza izan zen bereziki anarkistentzat, sozialistentzat,
komunistentzat, abertzaleentzat eta frankismoaren aurka borrokatu zuten
guztien-tzat. Are gehiago, hauen guztien senideentzat.
Gaurkoa
orduan, disko berria entzuteko lehen aukera izango da. Ondoren, ba al
da birarik epe laburrean?
Urriaren hasieran Katalunian izango gara. Bi kontzertu eskainiko ditugu:
urriaren 6an Gironan izango gara eta urriaren 7an Tarragonan. Gaztelupeko
Hotsak zigiluak urriaren amaieran plazaratuko du disko berria eta zuzeneko
aurkezpenak azaroan hasiko ditugu. Lehena, azaroaren 15ean, asteazkena,
Donostiako Gasteszenan.