NHemeroteka
bide-ertzean@hotmail.com
 



Hemeroteka

Mondo Sonoro aldizkaria

06/10/01




"Musikari erreparatuz,
Bide Ertzean lasaitu dela esango nuke.
Ez, zentzu txarrean,
ezta gutxiago ere. Aurreko lanetako,
pop rock
kantu landuak,
orain hezurretan
daude, biluzik"












"Estudioan zein
zuzeneko
emanaldietan,
ahalik eta lan txukunena egiten saiatzen gara.
Hori da gure helburu nagusi eta bakarra"










"Une honetan
oso pozik gaude, bereziki,
azken diskoan
egin dugun lanarekin"












"Azken boladan sortu diren taldeak
ez ditugu asko ezagutzen,
egia esan.
Gure kuttunenak
betikoak dira"
















 


Bide ertzean "non dira"

Bizitza osoa musikari lotuta, 8 urte errepidean eta “Non dira” seigarren diskoa kaleratuko dute hilearen bukaeran. Non diren? Hemen dira.Orain 75 urte bazegoen gizarte berri batean sinisten zuenik. Benetan zerbait aldatzea posible ikusten zuenik. Uste al duzue egun jendeak berdin pentsatzen duela?
ERANTZUNA: Tira, duela 75 urteko gizartea ez genuen ezagutu. Baina gaur ere bada askatasuna, justizia, berdintasuna, elkartasuna… aldarrikatzeko nahikoa arrazoi, bai hemen eta baita beste toki askotan ere.

“Non dira” erreferentzia zuzenena egiten dio 36ko gerrari eta gerraosteari. Esan duzuenez, ez da disko biografikoa. Barruan gordeta zenuten sentipen hori kanporatzeko gogoa al zenuten?
ERANTZUNA: Beste etxe askotan bezala, gurean ere badira 36ko gerran eraildakoak eta desagertutakoak. Zentzu horretan, diskoa kezka pertsonal batetik abiatzen da. Zuzenean ala zeharka, gure etxean izandako bizipenak ageri dira hainbat kantuetan. Baina badira beste istorio gehiago ere, istorio gogorrak, istorio ederrak: Madrilgo 13 arrosa gorrien kasua, Katalunian sortutako Les dones del 36 (36ko emakumeak) elkartea egiten ari den lana, Usurbilen bizi den Manuel Goenaga gudariak gerraz kontatu dizkigunak, Altsasun langile mugimenduak izan zuen pisua… Baina diskoa ez da biografikoa. Ez dugu historialariarena egin. 36ko gerran pentsatuz egindako kantuak dira. Musikari erreparatuz, Bide Ertzean lasaitu dela esango nuke. Ez, zentzu txarrean, ezta gutxiago ere. Aurreko lanetako, pop rock kantu landuak, orain hezurretan daude, biluzik. Ahotsa eta pianoa (Joserra Senperenaren lan bikaina). Ahotsa eta gitarra. Ez dago artifiziorik.

Bilatutako soinua izan al da edo berez atera dena?
ERANTZUNA:
Normalean, etxean lantzen ditugu kantuen zirriborroak. Gaur egun, lau-pistako grabagailu batekin, erritmo-kutxa batekin eta mikro batekin gauza txukunak egin daitezke. Orain arte, taldekideek horrela jasotzen zituzten kantuen zirriborroak. Oraingoan, ordea, erritmo kutxak eta horrelakoak alde batera utzi eta kantuen maketak era soilean grabatu ditugu, gitarra akustikoa eta ahotsa; besterik ez. Taldekideei maketaren giroa gustatu zitzaien eta kutsu hori errespetatzen saiatu gara. Dena den, giro horri uko egin gabe, kantuak soinu eta erritmo ezberdinekin jantzi ditugu. Zentzu horretan, aipatzekoa da Joserra Senperenaren inplikazioa. Kantuen konponketak egiten lan handia egin du, nahasketetan ere bere partehartzea oso garrantzitsua izan da.
Quique González-ekin harremana estua izan duzue azken urteetan, ‘Esan bare’ diskoaren aurkezpen emanaldietan. Nolatan animatu zen diskoan kolaboratzera, eta are gehiago, euskaraz abestera? (Egia esan, oso ondo egiten du euskaraz).
ERANTZUNA: Quique Gonzalez apirilean etorri zen Donostiara bere zuzeneko diskoa aurkeztera. Ordurako ezagutzen genuen eta bera agurtzera hurbildu ginen. Jonik, taldeko baxujoleak, kantu batean gurekin kantatzeko proposamena egin zion. Ez zuen zalantzarik izan, are gehiago, euskaraz abesteak ilusio handia egiten ziola aitortu zigun. Oso ondo prestatu zuen kantua eta berehala grabatu zuen. Ahoskeran ere, espezial aritu zen.

Joan den asteburuan, Tolosan, Coti-rekin jo zenuten. Ze iritzi diozue Coti-ri buruz? Bere karreraren inguruan… berez, disko bakarra atera du eta abesti horiei hamaika buelta emanez (kolaborazioak Julieta Venegasekin, Paulina Rubiorekin…). Zilegia ikusten al duzue?
ERANTZUNA:
Ez gara epaile lanetan hasiko. Guk seguruenik ez genukeela horrelakorik egingo, baina zilegizkoa iruditzen zait. Entzuleek ikusiko dute gero zer entzun, zer ikusi, zer erosi. Tolosako saioan tratu gutxi izan genuen berarekin baina jatorra iruditu zitzaigun, bai bera eta baita bere taldekoak ere.

Tolosako kontzertuaren inguruko artikulu batean, El País egunkarian hau argitaratu zen: “Le precederá en escena el mejor grupo actual de pop en euskera, Bide Ertzean, que está ultimando las mezclas definitivas de Non dira, su sexto álbum, en el que ha colaborado el cantautor Quique González”.
ERANTZUNA:
(Zein da erantzun beharreko galdera?) Trago bat zor diogu El Paiseko kazetariari! Bromak alde batera utziz, guk kantuak egiten ditugu. Estudioan zein zuzeneko emanaldietan, ahalik eta lan txukunena egiten saiatzen gara. Hori da gure helburu nagusi eta bakarra.

Munduko zein talderekin joko zenukete zuzenean?
ERANTZUNA:
Talde estralurtarrik ba al da ba? Noski badagoela. Zerrenda luzea egin genezake. Baina mitifikatzeko joera hori gutxiagotzen hasi zaigu, era nabarmenean gainera.

Laudorio asko jaso dituzue Euskal Herrian, baina Gorka Urbizu-rekin hitz egiten “pop musikak euskal entzulearen tirania jasotzen” duela esan zigun. Hala ikusten al duzue?
ERANTZUNA:
Aupa Gorka! Beste trago bat gure kontu! Serio esanda, ez dugu entzulegoa epaitu nahi. Atrebentzia handia litzateke gure aldetik. Guk kantuak grabatu eta plazaratzeko aukera dugu. Kontzertuetan aritzeko proposamenak ere iristen zaizkigu. Gustura gaude orain arte osatu dugun ibilbidearekin. Noski, disko gehiago saltzea ez legoke gaizki, gehiago jotzea ere eskertzekoa litzateke. Dena den, une honetan oso pozik gaude, bereziki, azken diskoan egin dugun lanarekin.

Gorkak ere diskoan parte hartu du. Rock gogorra (Berri txarrak) egiten duen talde bateko buruak ‘Non dira’ pop rock disko batean parte hartzen eta ‘Peiremans’ bezalako power pop proiektu baten barruan. Inolako erreparorik ez duen jende gehiago behar al da Euskal Herrian musikan aberastasun gehiago lortzeko?
ERANTZUNA:
Ez dakigu “Euskal Herrian musikan aberastasun gehiago” behar ote denik. Gorka eta Berri Txarrak taldea, ordea, ezinbestekoak dira bertako musika-eskaintza ulertzeko. Euren eragina nabarmena da beste euskal talde askotan; ez hori bakarrik, Euskal Herriko talde esportagarriena dela uste dut. Ez dira hitz hutsalak. Datuak hor daude.

Euskal Herrian, zein talde dituzue gustuko?
Zeintzuk dituzue zuen talde kuttunenak? (hau da, etxean inoiz hautsez betetzen ez diren horiek)
ERANTZUNA:
Azken boladan sortu diren taldeak ez ditugu asko ezagutzen, egia esan. Gure kuttunenak betikoak dira. Ruper Ordorika ikusi genuen lehengoan Zizurkilen eta saio polita eskaini zuen oñatiarrak. JC Perezek Usurbilen emandako kontzertuan ere oso gustura izan ginen. Petti, Txuma, Anari, Zea Mays, Jone… denak kantari handiak dira.

Eta azkenik, errepublikarrak al zarete?
ERANTZUNA:
Zer gara gu? Nor gara gu? Sikiera, Errepublikan herritarrek aukeratzen dituzte presidentea eta gobernu-burua. George W. Bush, ordea, alderdi errepublikanoko kide da, ezta? George W. Bush presidente hautatzeko moduak ez ziren argienak izan. Herriak aukeratu zuen ala bere anaiak, Jeb Bush Floridako gobernadoreak? Berriz ere, herri-borondatea versus boterea! Ez gaude inon salbu! Viva la resistance! .

   
NHemeroteka