Bide Ertzean taldeak 36ko gerraz gogoeta egiten duten abestiak
jaso ditu 'Non dira' disko berrian
IRUNE BERRO
Bilbo
36ko gerraz hausnartu dute Bide Ertzean taldeko musikariek disko berrian.
Kontatu gabeko sufrimenduari buruzko kantuak egin, eta istorio gogorrak
bezain ederrak jaso dituzte Gaztelupeko Hotsak disketxearekin plazaratu
duten Non dira lanean. Espainiako gerrak gogor astindu zituen Ubedatarrak.
Baina etxean galdera gutxi egin dituzte Euskal Herriko hainbat senditan
hainbeste min eragin zuen gerraz. «Ez da erraza sufrimenduaz hitz
egitea», esan du Imanol Ubedak.
«Gerra bizi zutenek ez dute horretaz hitz egin nahi, beldurra
dute oraino. Baina jakin nahi genuen zer arraio gertatu zen benetan,
eta gure etxean zer ondorio izan zituen gerra horrek». Etxean
«terapia» egin zuten Imanol eta Joni Ubedak, eta egoki iruditu
zitzaizkien galdera guztiak egin zituzten. «Gerraostea oso gogorra
izan zen alargunentzat eta gerra umeentzat. Beti hitz egiten da Mexikora
edo Errusiara bidalitako haurrez, baina izan ziren beste erbeste batzuk.
Gure sendiaren kasuan, Altsasutik Espainiara joan behar izan zuten»,
azaldu du Imanolek.
Alabaina,
disko biografikorik ez dutela egin argitu du. «Ez da Ubedatarren
historiaren diskoa». Ez dute beren etxeko gerraz hitz egin. 36ko
gerraz baizik. Dokumentazio lana egin ondotik, 13 abesti idatzi ditu
Imanolek. Gaurko kantuak dira, garaikideak, duela 70 urte hasi zen gerraren
hariarekin jositakoak. Esan dutenez, ez dute tentaziorik izan abesti
historikorik interpretatzeko. «Guretzat erronka handia zen abestien
hitzak guk geuk egitea». Iñigo Aranbarri eta Jose Luis
Otamendi idazleek sarritan esan diete horretan saiatu behar zutela.
Eta egin dute azkenean. Gerran desagertutakoez mintzo diren kantuak
egin dituzte, beraiek. Eta gustura daude emaitzarekin.
13
rosas rojas abestia (euskaraz abestu dute, izenburua gaztelaniaz jarri
arren) gerraostean hil zituzten Juventudes Socialistaseko 13 emakumeen
omenez egin dute. Eta Manuel Goenagak kontatutakoa-n, Usurbilgo (Gipuzkoa)
gudari horren istorioa jaso dute. Les dones del 36 sortu dute, halaber,
Kataluniako izen bereko elkartearen oroimenez. Emakumeen eskubideen
alde lan egiten zuen talde horrek, Errepublika garaian. Hitzek eraginda,
diskoak dramatikotasun puntu bat duela esan du Imanolek. «Ez dago
ezer ospatzeko zirrikiturik gure kantuetan».
KANTU
BILUZIAK, OINARRIZKOAK. Musikari dagokionez, apaindura gutxiko
abestiak direla adierazi du Karlos Aranzegi bateria eta perkusio jotzaileak.
«Kantu biluziak ekarri zituen Imanolek, ahotsa eta gitarra besterik
ez zutenak, eta ez ditugu asko moldatu. Jantzi ditugu, baina oso modu
xumean». Joserra Senperenaren pianoaren doinuek abestiak «minimalismora»
eraman dituela azaldu du Aranzegik. «Oinarrizko abestiak egin
ditugu, 36ko gerraren kontaketari soinua jarri diogu, eta popa eginez,
folkera hurbildu gara».
Bide
Ertzean osatzen duten musikariek, Ubeda anaiek, Aranzegik, Senperenak
eta Fran Iturbe gitarristak, Andoaingo Garate estudioan grabatu dituzte,
aurtengo udan, Non dira diskoko abestiak. Kaki Arkarazoren laguntza
izan dute. Baita beste bi musikarirena ere. Gorka Urbizuk eta Quique
Gonzalez madrildarrak kantu bana abestu dute: Non dira eta Ez dut atzera
egingo, hurrenez hurrenez.