Bide
Ertzean taldeak 36ko gerran oinarritutako disko bat kaleratu du
Aitona eta birraitona gerran galdu zituzten, eta horrek markatu zuen
Imanol eta Joni Ubeda musikarien familia. Orain, bikoteak senideen memoria
baita hainbeste fusilatu eta desagertutakoren gogorapena ere berreskuratu
nahi izan du. Eta haiek dakiten bezala egiten dute, musikaren bidez.
«Non dira» disko ederra eta berezia atzo aurkeztu zuten
Bilbon
BILBO.
DV.
“Non
dira” (Gaztelupeko Hotsak) Bide Ertzean taldearen seigarren diskoa
da. Horretan, Jon eta Imanol Ubeda anaiek -Karlos Aranzegi bateria-jotzailearekin,
Fran Iturbe gitarra-jotzailearekin eta Joserra Senperena pianistarekin
batera- gaikako lan bat egin dute. 36ko gerran dago oinarrituta, eta,
hala, memoria berreskuratu nahi dute.
«Duela
bi urte hasi ginen gerraz kezkatzen. Etxean badauzkagu eraildakoak eta
desagertutakoak, baina inoiz ez digute gehiegi kontatu. Duela bi urte,
ordea, gaiari heldu genion. Ez zen erraza; inork ez du nahi izaten sufrimendua
konpartitu», esan zuen atzo Imanol Ubedak. Etxean garai hartan
gertatu zena ulertu zutenean, beste istorio batzuei buruz informazioa
bilatzen hasi ziren. «Gerra eta gerra ondokoa oso gogorrak izan
ziren alargunentzat eta umeentzat. Disko hau ez da autobiografikoa,
nahiz eta gure familian gertatutakoa abiapuntua izan. Oso istorio ederrak
eta gogorrak topatu ditugu, eta haiei kantatu nahi izan diegu»,
esan zuen. Lan horretan, adibidez, badago “Trece rosas rojas”
izeneko kanta bat, Madrilen fusilatu zituzten hamahiru emakume gazteri
omenaldia, edo “Les Dones del 36”, Kataluniako elkarteari
eskainitako beste bat. Baita “Manuel Goenagak kontatutakoa”
izenburukoa ere.
Bai
musika, bai hitz guztiak propioak dira. «Testuak garrantzi handia
du eta horregatik nahiko kantu biluziak dira», azaldu zuen Joni
Ubedak. «Abestiak jantzi ditugu, baina oso parafernalia gutxirekin.
Oso oinarriko kantuak dira eta nik esango nuke, pop-a eginez, folk mundura
hurbildu garela».
Istorioek
berek eragin dute soinu aldaketa. «36ko kontaketa bati ezin zaio
gaur egungo soinua ipini», aipatu zuen Jonik. Konposatzeko era,
gainera, ezberdina izan da oraingoan. «Hirurok parte hartzeaz
gain, Joserra Senperena egon da gurekin, eta horrek, nahi gabe, beste
leku batera eraman gaitu. Minimalismora joan gara, oinarrietara bueltatu».
Garate estudio- etan grabatu zuten diskoa, oso «modu intimoan».
Bi kolaborazio izan dituzte: Berri Txarretako Gorka Urbizu eta Quique
Gonzalez kantari madrildarra. Azken horrek «atsegina handiz»
hartu zuen proposamena, baina baldintza bat jarri zuen: euskaraz abestu
behar zuela.
Diskoan aipatzen den bezala, «oroimenak ez du atseden hartzen».
Kantak ere ez.