
Argazkia:
Bizkaie
Non
dira 36ko gerra zibilak eroandakoak? Bide Ertzean taldeko Ubeda anaien
aitita eta birraitita dira sasoi haretan fusilautakoetariko bi eta,
horrei omenalditxua egin guran, ‘Non dira’ izenburupean
plazaratu dabe laugarren diskoa Gaztelupeko Hotsak disketxearen eskutik.
Kanta
trankilak, pentsaraztera bultzatzen dabenak grabau dabez Andoaineko
Garate estudioan Fran Iturbe eta Joserra Senperena teknikarien gidaritzapean.
Oraingoan, grabau dabezan kantak eurenak dira eta han eta hemen topau
dabezan testu edota istorioetan oinarrituta idatzi dabez letrak. Halanda
be, ez dira bakarrik egon, Quique Gonzalez bakarlariaren eta Gorka Urbizu
Berri Txarrak taldeko kantariaren kolaborazinoa izan dabe eta. Musikearen
munduan 1998an hasi ziran ‘Deabruak Teilatuetan’ rock bandearen
alternatiba legez. Handik gitxira, ‘Zure minari’ izeneko
diskoa grabau eben Jose Luis Otamendiren poema batzukaz. Orduan hasi
ziran euren estiloa definiduten, gitarrak zorrozten eta 2002an etorri
zan euren urtea ‘Maite out’ kanta bildumeagaz. Orduan, ‘popa
ez da neskentzat bakarrik’ erakutsi eben eta euren bideari gogor
ekinda heldu dira orain arte, kanta trankilakaz, ondo landutakoakaz,
gazteakaz. Zemendiko agendea ganezka daukie Ubeda anaiek. Zizur Nagusiko
kultur etxean zemendiaren 4an joko dabe zortzietan; 9an Gasteizen izango
dira bederatzietan, gaztetxean; 15ean Donostiako Gazteszenan joko dabe
bederatzietan; Zornotzako Zelaieta zentroan zemendiaren 18an izango
dira gaueko hamarretan; eta, azkenik, Elgetako Espaloia Kafe Antzokia
‘Non dira’ diskoko kanta trankilez beteko dabe 22:30ean.