Imanol
eta Joni Ubeda anaiek gidatzen duten Bide Ertzean taldeak urrian argitaratutako
Non dira diskoaren aurkezpenari ekingo diote Euskal Herriko zenbait
aretotan.
Aldez
aurretik aurkeztutako lanetan bezala Karlos Aranzegi, Fran Iturbe eta
Joserra Senperena taldekide izan direlarik eta egindako grabazioan Quique
Gonzalez eta Berri Txarrak taldeko Gorka kolaboratzaile izan direlarik,
hurrenez hurren, bildumari izena ematen dion abestian eta Ez dut atzera
egingo deiturikoan.
Argitaratutako
seigarren lan honek 36ko Gerra hartzen du abiapuntu eta aipaturiko bi
abestiez gain, beste hamaika kantu biltzen dira, Gazte ziren, aske ziren,
Haien bihotzen taupadak gara, Gau ilunean, Gerra baino lehen, Nolakoa
da herbestea edo Hil gabeko hilotzen loreak bezalako izenburu esanguratsuekin.
Lan honetan gaztelaniazko eta katalanezko izenburua duten Trece rosas
rojas eta Les dones del 36 abestiak ere tartekatu
dituzte, nahiz eta biak euskaraz abestu dituzten arren.
Aipaturiko
azken kantu horrekin gogora dakarte izen bereko elkarte kataluniarra,
non 80 urtetik gorako emakume anarkistak, komunistak, sozialistak eta
ERCkoak ere kide diren eta guztiak 36ko gerra hasi aurretik eta honek
iraun zuen bitartean, emakumeen eskubide sozial eta politikoen alde
jardun zuten.
Gerraren
gaia etxetik datorkie Bide Ertzeanekoei, aitona eta birraitona gerran
fusilatu baitzituzten eta oraingoan, memoria historikoa berreskuratzeko
ahaleginean, omenaldi txikia nahi izan diete egin egoera berean izan
ziren guztiei. Diskoa, hala ere, ez da dokumentu historikoa izan nahi,
Ubeda anaien asmoa gaurko gizartean gogoeta sustatzeko asmoa baita.
Lana, beraz, goitik behera beraiek egindakoa da, hitzak idazteko han
eta hemen aurkitutako testu eta istorioetan oinarritzen baitira, gerra
usaina dariola dutela.