“Saminak
ez du atseden hartzen, desagertuen etxean bederen ...”. Hala
hasten da Bide Ertzean taldearen disko berriari izena ematen dion Non
dira? kantu mingots bezain ederra.
Ubedatarren
etxean ondo dakite 36ko gerran desagertu eta hildakoen familiak sufriturikoa.
Jose Ubeda Sanchez birraitona UGTkoa zuten, eta Jose Ubeda Apaolaza
aitona, CNTkoa. Birraitona gerra hasi bezain pronto preso hartu eta
fusilatu zuten, eta aitona, berriz, gerrako frontean ibili eta espetxean
zein kontzentrazio esparruetan egon ostean, desagertu egin zen. Etxean
entzun eta jasotako kontuetatik abiatuta gerra eta gerraostea dituzte
hizpide lan berrian Imanol Ubeda (ahotsa eta gitarra) eta Joni Ubeda
(baxua) anaiek, Fran Iturbek (gitarra), Joserra Senperenak (pianoa eta
teklatuak) eta Karlos Aranzegik (bateria).
“2004ean, Esan Bare atera ostean afaritxo bat egin genuen, ohiko
moduan, Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendirekin. Guri asko
lagundu izan digute letretan, zuzenketetan, letren estiloan ... Afari
horretan kontatu genien gure hurrengo asmoa zela disko-liburu bat egitea
etxean jasotako kontuekin, gerra eta gerraostekoekin. Asko gustatu zitzaien
ideia. Gero, egia esan, proiektua diskoan geratu da. Guk bildu ditugu
etxeko kontuak eta liburuxka bat idatzia dugu, baina konturatu gara,
gu musikariak garela, guk kantuak egiten ditugula: ez gara idazleak,
ez gara poetak... Hori bereiztu nahi izan dugu. Guk gure ekarpena kantuetatik
egin behar dugu, eta horretara mugatu gara”, aitortu digu zintzotasunez
Imanol Ubedak, Tolosako kafetegi batean egin dugun solasaldian. Diskoa
egitea “terapia modukoa” izan omen da, bai beraientzat eta
baita etxekoentzat ere. Samina ez zen desagertuko, baina, akaso, saminak
atseden hartu du Ubedatarrenean, eta gainera zentzuz nahiz emozioz beteriko
disko interesgarria eskaini digute.
Zuen
aitonari eta berraitonari gertatuak sorturiko jakin minak eraman zaituzte
Non dira? diskoa osatzera? Zergatik orain? “Berandu nator.Beste
behin ere. Nire galderak herren daude. Berandu nator. Ez al dut inoiz
ikasiko” diozue kantu batean ...
Kantu hori autokritika moduko bat da. Nik beti esaten dut lotsa gutxi
eduki dugula, 33 urte ditugunean hasi baikara etxean galdezka. Gai hori
tabua izan da etxean; etxe gehienetan bezala. Sufrimendua ez da konpartitu
nahi izaten. Etxekoek ez zuten gehiegi kontatu nahi, gure familiak asko
sufritu duelako. Eta guk ere ez genuen asko galdetzen, eroso ikusten
ez genituelako. Baina behin galdetzen hasita, askatu egin dira, eta
gure kasuan terapia moduko bat izan da. Ez zaie erraza izan hau dena
kontatzea, baina gero lasaitasun moduko bat hartu dute.
Jakin-min
pertsonal batetik abiatuta, gai orokorrago bat jorratu duzue. Kezka
indibidualek eta sozialek bat egiten dute hor ...
Bai, egia da. Eta hori argitu beharra daukagu. Kezka pertsonal batetik
abiatu gara, baina, 36ko gerrako eta gerraosteko beste kontu asko bildu
ditugu. Nik jendea animatu nahi nuke etxean galdetzen has dadin. Lagungarria
da. Ni memoria historikoa berreskuratzearen alde nago, baina gehiago
aldarrikatzen dut norberaren memoria berreskuratzea. Etxeko lan horrek
korapilo asko askatzen ditu eta.
Etxeko
kontuez gain, bestelakoak ere jaso dituzue. Enbor bereko adar ezberdinak
nolabait.
Esaterako, Manuel Goenaga Usurbilen bizi den gudari bat da. Berekin
bi arrats oso pasa nituen eta gauza asko kontatu zizkidan gerraren inguruan,
gerra barrutik bizi izan zuen eta. Besteak beste, bere lagun bat nola
hil zen kontatu zidan. Istorio hori kantu bihurtu dugu. Gainera, lehen
pertsonan jaso dugu, apur bat moldatua. Beraz, perspektiba zabaldu egin
dugu. Ez da gure gerra, baizik eta gerraz orokorrean hitz egin dugu.
Esaterako, 13 rosas rojas (13 arrosa gorri) emakumeen, Les dones del
36 (36ko emakumeak) elkartearen, gerrak Altsasun izandako ondorioen,
gerra aurretiko bizimoduaren istorioak jaso ditugu. Gainera, gure etxean
gertatua beste etxe askotan gertatu da, eta biktimismo eta pertsonalizazio
hori akaso gehiegizkoa zen.
Kontzeptu
jakin baten inguruan –gerra eta gerraostea– aritu beharrak
nola baldintzatzen du sortze prozesua eta sormena?
Ez da erraza, baina era berean, bidea asko argitzen dizu. Niretzat obsesio
izatera ere heldu da gai hau. Etxekotasunera ez mugatzearren saiatu
gara gaia zabaltzen, eta dokumentazio lan handia egin dugu, jende askorekin
hitz egin dugu, liburuak irakurri ditugu, filmak ikusi ... Kasualitatez.
2004an, gu istorio honekin hasi ginenean, sekulako mugimendua hasi zen
gai honen inguruan, liburugintzan adibidez. Badirudi orain oportunistarena
egiten ari garela. Horrek ez digu batere ardura, azken finean, mugimendu
horrek asko lagundu baitigu. Ate asko jo gabe dokumentazio asko izan
baitugu eskura. Diskoan erreferentzia bibliografikoak ere aipatu ditugu.
Kantu guztiak hari batekin elkarlotu ditugu. Horrek diskoaren alde asko
egiten du, baldin eta ez bazara etengabe errepikatzen. Nik geroz eta
gehiago estimatzen ditut horrelako gauzak. Iruditzen zait gaur egun
behin eta berriro errepikatzen garela hitzetan. Musikalki oso lan interesgarriak
daude, baina, niretzat kantu bat ez da musika bakarrik. Nahiz eta oso
doinu politak izan, kantu askok ez dutela ezer esaten iruditzen zait.
Ez dut esan nahi horrekin disko guztiek kontzeptualak izan behar dutenik.
Bide
batez, argi uzten duzue popak edo pop-rockak balio lezakeela kezka sozial
eta politikoei aurre egiteko.
Bai, izan liteke. Gure disko guztietan daude kezka sozial eta politikoak,
baina akaso lerro artean. Ez dugu inoiz egin panfleto kantu bat, gure
estetika beste bat delako. Horrekin ez dut esan nahi panfleto kantuak
gaizki daudenik. Nik ere gustukoak ditut disko eder askoak. Egia da
jende askok gure estiloa lotzen duela estetika eta kantu molde jakin
batekin: pop musikak badu bere horretan momentuko arintasun hori. Guk
disko honekin ez dugu aldarrikatu nahi ezer, kantu hauek egin ditugu
urdailak eskatzen digulako. Nire ustez, entzuleak ez ditu taldeak eta
kantuak estiloaren arabera epaitzen. Guztiaren gainetik kantua dago.
Kontua da kantu txukunak egitea. Gero arrakastaren atzean faktore pila
bat dago, eta asko irrazionalak, baina, guretzat garrantzitsuena kantua
da edozeren gainetik.
Aurrenekoz, letra guzti-guztiak zuek idatzitakoak dira. Gaiarekin
zenuten lotura emotiboak eragina izan al du horretan?
Bai, izan du. 2005eko maiatzean lau kantuko maketa bat egin nuen, eta
anaia Joniri erakutsi nion. Berak ikusi zuen letrek bazutela nortasun
bat, eta berak animatu ninduen letrak idaztera. Erronka bezala hartu
genuen. Pentsatu genuen: “Badaude testu ederrak gai honen inguruan,
baina geuk egingo ditugu”. Ez da erronka erraza izan, baina oso
gustura gaude, geuk egin dugulako diskoa ehuneko ehunean. Pertsonalki
betetzen nau eta autokonfiantza eman ere bai.
Esan
Bare diskoarekin heldutasun musikalera iritsi zineten, estilo eta ahots
propioa lortuz. Honekin hari jarraipena eman al diozue musikalki? Pianoak
hartu du garrantzi handia lan berri honetan.
Gure burua epaitzea oso zaila egiten zait. Ez dut perspektibarik eta
gainera ez dakit oso zintzoa den. Egia da Joserra Senperenaren inplikazioa
inoiz baino handiagoa izan dela disko honetan. Kantuak asko landu ditu.
Nahasketa prozesuan egunero egon da. Maite Out diskoan lauzpabost kantutan
parte hartu zuen Joserrak. Esan Bare-n kantu gehienetan. Baina, kantuak
guk egin eta gero etortzen zen. Eta oraingo honetan entseguetan eta
parte hartu du. Elkarlan hori inoiz baino estuagoa izan da. Maite Out
lanarekin ate bat zabaldu zen: piano, teklatu, hammond... eta oraingoan
eskaintza hori sendotu egin da. Lau urte eta gero, disko honetan denok
gaude bete-betean. Iruditzen zait lortu dugula sintonia bat. Disko honetan
egoak etxean utzi ditugu, eta kantuak jarri ditugu denaren gainetik.
Kantu askotan neuk abestu bakarrik egin dut, gitarra Fran Iturberen
esku utziz erabat, eta akaso horrekin soinuak irabazi egin du (kar,
kar).
Bi
kolaborazio berezi izan dituzue lan berrian: Gorka Urbizurena eta Quique
Gonzalezena. Bi ahots, bi erregistro, bi adiskide.
Quique Gonzalezena ia kapritxo bat izan da. Esan Bare diskoarekin bi
kontzertu egin genituen berarekin. Oso harreman estua eta polita egin
dugu. Nire anaia Joni Quiqueren zale handia da. Berak oso garbi zuen
Quiquek abestu behar zuela kantu bat. 13 rosas rojas eskaini genion,
Madrilgo istorio bat denez gero. Berak, ordea, Non dira? aukeratu zuen
gustukoago zuelako, eta guk ez genion jarri eragozpenik. Baldintza bakarra
jarri genion: euskaraz kantatzea. Eta berak ere hala nahi zuen, ilusioa
egiten zion. Gorka Urbizurena gehiago izan da beharrak eragindakoa.
Ez dut atzera egingo kantua egin genuen, eta zerbait falta zitzaiola
ikusten nuen. Gorkak oso erregistro ezberdinak ditu, eta oso argi neukan
Gorkak emango ziola kantuari falta zitzaion zera hori, eta bete-bete
asmatu genuen, indar handia eman baitio. Gustura gaude beraien inplikazioarekin.
Azken finean musutruk etortzen dira, eta beti eskertuko diegu.
Diskoaren
izenburua oinarri harturik bost galdera labur jaurti dizkiogu Imanol
Ubedari.
Non
dira Bide Ertzean-en kezkak egun?
Ahalik eta kontzertu txukunenak egin eta ahalik eta kantu txukunenak
eskaintzea: hori da gure kezka. Salmentek ez digute batere kezkatzen
gaur egun.
Non
dira zuen ametsak?
Jendearen errekonozimendua lortzea litzateke gure ametsa. Guretzat errekonozimendua
ez da bizkarrean zapladak jasotzea, baizik eta oharkabean ez pasatzea.
Entzulearengan jakin-mina piztearekin konformatuko ginateke.
Non
dira zuen etorkizun egitasmoak?
Ez dugu etorkizuna epe luzera planteatzen. Orain disko hau defendatzea
dagokigu eta gero auskalo. Gure epeak urtea amaitu artekoak dira.
Non
dira zuen egungo musika erreferentzia nagusiak?
Azken boladako musika taldeak galdu samartuak dauzkat. Gure erreferentzia
nagusiak betikoak dira. Nik beti esaten dut Ruper Ordorika eta Juan
Carlos Perez hor dauden bitartean gu lasai egon gaitezkeela. Kanpora
begira, aldiz, esaterako, txalotzekoa iruditzen zaigu Neil Youngek azken
diskoan azaldu duen gerraren aurkako jarrera. Hego Amerikan ere jarri
ditugu begiak. Calamaro berandu deskubritu dut, edota Jorge Drexler,
edota Lisandro.
Non
dira Deabruak Teilatuetan?
Hor daude. Ez daude hilik. Ez dago etenda, baina geldirik dago taldea.
Niretzako orain garrantzitsuena da taldekideek daukagun harremana. Harreman
estua dugu. Asko hitz egin dugu taldeari buruz, eta, akaso etorkizunean
zerbait aterako da. Garbi duguna da, berriro elkartuz gero zerbait berria
eskaini beharko genukeela, egun gu garena islatuko lukeena.