NHemeroteka
bide-ertzean@hotmail.com
 



Hemeroteka

Berria / Matraka.info

Mikel Carramiñana

2006/11/22


Hamarkadak igaro
badira ere, gerrako biktimen seme-alabek oraindik ere galdetzeko beldurra dutela uste dute Jonik eta Imanolek; horregatik, hirugarren belaunaldiari dagokio 36ko gudari buruz itauntzea








 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 




 


Hitzordua oroimenarekin

1936ko gerran desagertutakoak non diren galdezka dator Bide Ertzean, seigarren diskoan.

Gutxitan elkartzen dira pop doinuak eta sakoneko esanahia duten kantuak; alabaina, badira salbuespenak, Bide Ertzean boskotearen Non dira disko berria, kasu. Euskal pop musikaren ezinbesteko taldea bihurtu dira gipuzkoarrak azken zortzi urteetan, eta, ibilbide arrakastatsu horri jarraipena emateko asmoz, 36ko gerrari buruz hausnartzeko gaia ematen duen lana kaleratu berri dute. Ubeda anaiek betidanik izan dute gerran desagertutakoei buruzko kezka, besteak beste, CNTko langilea zuten aitona gerra ostean desagertu zelako, eta birraitona, berriz, fusilatu egin zutelako.

Hamarkadak igaro badira ere, gerrako biktimen seme-alabek oraindik ere galdetzeko beldurra dutela uste dute Jonik eta Imanolek; horregatik, hirugarren belaunaldiari dagokio 36ko gudari buruz itauntzea. Galdera horiekin sufrimendua pizten zelako, urruntasun jakin batetik hausnartu beharra ikusten dute. Abiapuntua familian bertan aurkitu zuten arren, diskoa etxekoei buruz denik ezeztatu dute; izan ere, gerrako eta ondorengo urteetako askotariko kontaketak bildu dituzte 13 abesti hunkigarritan.

Imanol Ubedak berak idatzitako kantu bakoitzak 36ko gerrako istorio baten berri ematen du: Manuel Goenagak kontatutakoa kantuan, Usurbilgo gudari baten istorioa jaso dute; fronteko adiskidea nola galdu zuen azaltzen du. Trece rosas rojas abestian, gerra ostean fusilatu zituzten Juventudes Socialistas taldeko 13 emakume omendu dituzte. Halaber, Errepublika garaian emakumeen eskubideen alde lan egiten zuen Kataluniako elkarte baten oroimenez, Les dones del 36 sortu dute.

OINARRIZKO DOINUAK. Musikari dagokionez, Imanol Ubedak sortutako doinuei konponketa gutxi egin dizkiote. Oinarrizko gitarrak eta, batez ere, Joserra Senperenaren pianoak jantzitako kantuak dira Non dira lanekoak. Apaindurarik gabeko musika eginez folk doinuetara hurbildu direla uste dute taldekideek, eta, 36ko gerrako kontuen berri emateko bada ere, gaur egungo musika sortu dutela ohartarazi dute. Gerraren testuingurua islatzeko hitz gordinak idatzi ditu Ubedak, sentimenduz beterikoak.

Ubeda anaiek ez ezik, Fran Iturbe gitarrak, Joserra Senperena piano-jotzaileak eta Karlos Aranzegi bateriak osatzen dute, egun, Bide Ertzean. Disko honetarako, gainera, Berri Txarrak taldeko kantari Gorka Urbizuren eta Quique Gonzalez bakarlariaren laguntza izan dute. Diskoari izenburua ematen dion Non dira abestian kantatu du Gonzalez madrildarrak, eta Urbizu, berriz, Ez dut atzera egingo izenekoan aritu da.

1 Musikari dagokionez, zuen hastapenetara bueltatu zaretela esan duzue.
Doinuetan baino gehiago, kantuak sortzeko moduan bueltatu gara, batez ere, taldearen hasierako urteetara. Musika sortu, letrak idatzi eta lehenengo maketa moduko bat egina genuenean, talde osoarekin batera osatu genituen. Beraz, lan egiteko moduan bueltatu gara hasiera horretara.

2 Nola moldatu zen Quique Gonzalez madrildarra euskaraz kantatzeko?
Ez zuen zailtasun handirik izan. Quiquek berak hautatu zuen, gainera, Non dira abestian laguntzea; izan ere, Trece rosas rojas kantua eskaini genion, baina maketa osoa helarazita, Non dira aukeratu zuen. Berak ere euskaraz kantatuko zuela izan zen jarri zigun baldintza bakarra. Oso serio hartu zuen lana, eta estudiora grabatzera etorri zenean, agerikoa zen hitzak eta ahoskera landuak zituela.

3 Arrakasta handiko kantaria da Quique Gonzalez; aurretik ere ezagunak zineten; nola sortu zen zuen harremana?
Bere lehenengo diskotik izan nuen gogoko Gonzalezen musika, eta, Kamikazes enamorados laugarren lanarekin, erabat liluratuta utzi ninduen. Taldekideei utzi genien entzuteko, eta guztiei gustatu zitzaien. Orduan, Maite Out diskoa bidali genion Quiqueri, eta gustuko izan zuela jakinarazi zigun. Gerora, musikari baten bidez, elkar ezagutzeko aukera izan genuen; Euskal Herrian, kontzertu bitan elkarrekin aritzeko aukera izan genuen, Bilboko Kafe Antzokian eta Andoainen.

4 Disko honetako kantuekin, akustikoagoak izanik, formatu berezirik izango dute kontzertuek?
Ez, izan ere, betidanik jo izan dugu formatu sinpleekin, handikeriarik gabe. Ez zaizkigu batere gustatzen hornidura handiko kontzertuak, eta, hartara, gure betiko proposamenari eutsiko diogu oholtza gainean, disko berrirako aproposa baita.

5 Argazki berezia ageri da diskoaren azalean.
Argazki zahar bat da. Umeak gure aita eta izeba dira, eta helduak, aitona eta amona. Aitona, Jose Ubeda Apaolaza, CNTkoa zen, eta Altsasuko tren geltokian egiten zuen lan. Gerrako frontean ibili, eta espetxean eta kontzentrazio esparruetan egon ostean, desagertu egin zen..

   
NHemeroteka