[19.01.2007
Berria egunkaria, Alberto Barandiaran]

Helena
Tabernaren dokumentala eta Bide Ertzean taldekoen kontzertua, Iortian
Alberto Barandiaran / Iruñea
Altsasuko memoriarekin lotutako bi ekitaldi antolatu dituzte Iortia
kulturgunean datozen bi larunbatotan. Biak, 36ko gerrak izan zituen
eraginen inguruan. Bihar, hilak 20, Helena Taberna zuzendariaren 36ko
oroitzapenak dokumentala ikusi ahal izango da, 18:00etatik aurrera.
Datorren larunbatean, Bide Ertzean taldeak azken diskoa aurkeztuko du.
36ko oroitzapenak bideolanean, Tabernak 1994ean estreinatutako Altsasu,
1936 dokumentalean erabilitako hainbat elkarrizketa eta lekukotasun
bildu ditu, altsasuarren testigantzak eta Manuel Tuñon de Lara
historialariaren hausnarketa historikoak, besteak beste. Dokumentala
eta gero, ikusleek Helena Tabernari galderak egiteko aukera izango dute.
Sarrera, 2 euroen truke.
BIDE
ERTZEAN KONTZERTUAN . Hilaren 27an, berriz, Bide Ertzean taldearen kontzertua
iragarrita dago Iortia Kulturgunearen areto nagusian. Musika talde horrek
Non dira azken diskoa aurkeztuko du Altsasun.
Diskoak lotura handia dauka Sakanako herriarekin. Imanol Ubeda eta Joni
Ubeda taldeko kideek Altsasun jaiotako birraitonaren eta aitonaren istorioak
eta ibilerak biltzeari ekin zieten duela gutxi, eta hortik atera zen
diskoa hezurmamitzen duten hitzak. Diskoaren bizkarrezurra, alegia.
Jose Ubeda Sanchez epaitegiko langilea zen, UGT sindikatuko kidea. Jose
Ubeda Apaolaza, berriz, tren geltokiko langilea, eta CNTko militantea.
36ko altxamendua gertatu eta gero, birraitona fusilatu eta Urbasako
leizeetara bota zuten faxistek. Aitonak, berriz, herritik hanka egin
zuen eta, hainba gudatokitan borrokan aritu eta gero, desagertu egin
zen. Gaur, senideek ez dute haren berririk. Diskoa kaleratu eta gero,
taldeko kideek diskoa Altsasun aurkezteko gogoa azaldu zuten.
Bi ekitaldiok Altsasuko Udalak antolatu ditu.
Ekitaldiak
Helena Taberna. Zinemagileak '36ko oroitzapenak' izeneko
dokumentala aurkeztuko du bihar, larunbata, 18:00etan.
Bide Ertzean. Musika taldeak 'Non dira' azken diskoarekin
kontzertua emango du Iortian, hilaren 27an.