Hilotzik
gabeko hildakoen memoria
Aitona, Frantzia inguruan desagertua. Birraitona, Urbasan fusilatua,
nazionalek preso egin ondoren. Gakoa, Ubeda anaien bi senideen kasuan,
Espainiako gerra. 70 urte oso gutxi dira ezer ahazten hasteko. Mario
Benedettiren hitzei helduta, «ahaztea inoiz ez da garaipena, historiari
barre egitea baizik».
Distantzia
txikia dago disko kontzeptuala eta disko aspergarria ideien artean.
Zaila izaten da hitzen eta doinuen arteko oreka zaintzea, eta, horretarako,
talentua ez da nahikoa; gogotik lan egin beharra dago, planteamentuak
eta helburuak hainbat bider berreginez. Bide Ertzean taldea tartean
dagoela, lan hori bermatuta dago, gauzak azken muturreraino zaindu egiten
baitituzte egitasmo bakoitzean.
Ubeda
anaiek ez dute hotsandiko esaldirik erabili aitona eta birraitona zirenak
omentzeko, bai ordea apaltasuna eta errekonozimendu zintzoa. Gainera,
Non dira diskoak ikerlan handia islatzen du. 36ko gerraren arrastoari
jarraituz aurkitutako olerki eta gainontzeko testuak berera eraman dituzte,
baina landuta. Joxe Mari Lopetegiren Ekaitza bertso sorta,
Carlos Fonsecak idatzitako Trece rosas rojas liburua eta Joseba
Tapiaren Agur intxorta maite, 1936-37 gudako kantuak hura ere
diskoan daude islatuta.
Musikari
dagokionez, beti bezain garbia eta akats gabea da. Fran Iturbe edota
Joserra Senperena taldean dituztela, slide gitarra eleganteak eta hammond
organoaren giroak kokatu dituzte estrategikoki. Pop-rock leuna jorratzen
dute, leunegia akaso, estilo asko entzutearen eragina daukana, baina
gutxi, bidean gorabeherarik txikiena ere nahi izango ez balute bezala.
Nolanahi
ere, Non dira entzuteko atsegina da musika aldetik, eta mamitsua
eduki aldetik. Eztabaidagarria, errepublikanoen irudi idilikoa ematen
duelako, baina, Imanol Ubedak azaldu duen bezala, hau da beraiei heldu
zaien Historia eta hauek sentitu dituzten gauzak.