Lekua:
Donostiako Gazteszena aretoa Eguna: Azaroak
15.
Asteazken
buruzuri eta haizetsuan jende kopuru polit bat elkartzea lortu zuen
Bide Ertzeanek asteazkenean Donostian. Non dira zuten aurkezteko, 36ko
gerrak utzitako sufrimenduaren lekukotza zuzena eskaintzen duen diskoa,
baina aurkezpen hutsaren gainetik bazituen kontzertuak berezi egiteko
hainbat elementu; hala nola, etxetik gertu egiten zuten lehenengo kontzertua
izatea eta gonbidatuen parte hartzea (Gorka Urbizu eta Mikel Erentxun).
Eta taldea onik atera zen; sendotasun handia erakutsita, nahiz eta Fran
Iturbe gitarristak ez zuen jo. Haren lekua Imanol Goikoetxeak bete zuen,
ondo bete ere.
Esku
artean disko berezi bat duten jakitun dira Imanol eta Joni Ubeda nahiz
Karlos Aranzegi. Pop eta folk melodien atzean istorio ugari -gehienak
mingotsak- gordetzen dira, eta Imanolek esfortzua egiten du zuzenean
kantu bakoitza bere testuinguruan kokatzeko. Nola sortu zen eta zer
esaten duen azaltzeko. Eta eskertzen da. Gai jakin batean oinarritutako
emanaldiak ezin duelako izan kantu zerrenda huts bat.
Manuel
Goenagak kontatutakoa-rekin hasi zuten kontzertua, eta berehala
ikusi zen taldeari askotan lotzen zaion akustikotasunak beste forma
batzuk hartzen dituela zuzenean. Elektrikoagoak eta indartsuagoak. Joserra
Senperenaren parte hartzeak ñabarduraz janzten du taldearen soinua,
eta taldeak berak eskertzen du. Sendotasuna eta batasuna erakutsi zituen,
behinik behinik, Donostiako emanaldian. Azken diskoko kantu ugari entzun
ziren: Gau ilunean ederra-La Buena Vidarena ematen du hasieran-,
Bai berriro, Gazte ziren, aske ziren, Haien bihotzen
taupadak gara, Les dones del 36 hunkigarria emakume katalanei
eskainia eta Ez dut atzera egingo pop melodia perfektua Urbizuren
laguntzarekin. Zaharrak ere berreskuratu zituzten; Lilian -Erentxun
animatu batekin-, Zerotik hasi eta Hotel Bel-Air,
Mikel Ibargurenen hitzekin idatzitako pieza magikoa, besteak beste.
Bide
Ertzeanen aurretik, Mikel Aranzabal gazteak bere lehenengo diskoa izango
denaren kantuak eskaini zituen gitarra hutsarekin. Oraindik inozentzia
nabaritzen zaio zenbait unetan, baina baita herabetasun eza ere, eta
ordu erdi eskasean formatu akustikoko kantu sorta polita eskaini zuen.
Popetik eta folketik edanez baina rockaren indarra ere baliatuz.