Gerra
guztietan denak dira galtzaile, inor ez da garaile. Zenbatetan entzun
dugun esamolde hori. Ez dagoela irabazlerik. Denak galtzaile omen. Batzuk,
ordea, gerra galdu eta gero bakea ere galdu ohi dute. Galdetu bestela
Nieves eta Rodolfori. Eta beraiei bezalaxe, gorrien ondorengoak izateagatik
erbestera jo behar izan zuten milaka haurrei ere. Errepublikaren alde
eta Francoren altxamenduaren aurka borrokatu zuten horien seme-alabei.
Gerrako
haurrak aipatzerakoan, Bilbotik Mosku, Londres edo Mexikora joandako
haurrak nabarmendu ohi dira. Baina bestelako erbesterik ere izan zen.
Sorterria utzi eta itsasoa zeharkatu gabe, jaioterritik halabeharrez
hanka egin behar izan zutenak. Historiak akaso baztertu egin dituenak.
Idatzi hau, ordea, ez da historia berridazteko saiakera. 36ko gerrak
eragindako egoera baten isla izan nahi du kontakizun honek. Maiz eman
zena eta gutxi aipatua izan dena. Ahaztuta utzi ditugun istorio txikiak.
Istorio txikiak, drama han-diak. Gure aita Rodolfo eta izeba Nievesena
aipatuko dugu. Hori baita gertutik ezagutu duguna. Baina galdezka hasiz
gero, Nieves eta Rodolfo asko dago gure artean. Kalean gurekin egunero
gurutzatzen direnak. 1936ko gerra pairatu zutenen haurrak, orain, gure
aita-amak dira, gure aiton-amonak, gure birraiton-birramonak.
Ez
zituzten haur denak Mexikora, Moskura, Londresera eraman. Askoz
gehiago izan ziren erbestea ezagutu zuten emazte eta seme-alabak. 36ko
gerran etxetik ihes egin behar izan zutenak. Frankisten mendekua 40
urtez pairatu behar izan zutenak. Nievesek eta Rodolfok bezala.
Altsasun
jaioak
Bigarren Errepublikan jaio ziren biak. Rodolfo Ubeda Brianzo 1933ko
urtarrilaren 29an jaio zen. Handik urtebetera jaio zen Nieves Ubeda
Brianzo, 1934ko urtarrilaren 13an. Biak Altsasun jaioak. Kontakizun
honetan, Rodolfo eta izeba Nieves bezala izendatuko ditugu. Bien ama,
Nieves Brianzo Sampietro, Tolosakoa zen jaiotzez baina gaztetan Altsasura
joan zen familiarekin eta Altsasun bertan ezagutu zuen gerora bere senarra
izango zena, Jose Ubeda Apaolaza. Hortik datorkie altsasuar izatea Rodolfori
eta izeba Nievesi.
Aragoar
sustraiak, batetik
Baina altsasuar sustraiak ezagutu aurretik, aragoar sustraiak
emango ditugu ezagutzera. Nieves Brianzo Sampietro, gure aita Rodolfo
eta izeba Nievesen ama, Tolosan jaio zela esan dugu. Gurasoak Aragoatik
iritsi ziren Tolosara XX. mende hasieran: Máximo Brianzo Sánchez
Calamochan (Aragoa) jaioa; Encarnación Sampietro García,
San Juan de Mozarrifar herrian (Aragoa). Tolosan egin zuten egonaldian
jaio zen Nieves Brianzo Sampietro.
Tolosara
iritsi aurretik, Máximo Brianzok paper-fabrikan egiten zuen lan
San Juan de Mozarrifar herrian. Han ezagutu zuen gerora bere emazte
izango zena, Encarnación Sampietro Garcia. Baina San Juan de
Mozarrifarreko lantegia itxi eta Berrobira eraman zuten paper-fabrika.
Beraz, Aragoa utzi eta Tolosara joan ziren bizitzera Máximo Brianzo
eta Encarnación Sampietro. Hiru alaba izan zituzten. Hirugarrena
izan zen Nieves Brianzo Sampietro, Rodolfo eta izeba Nievesen ama. Tolosako
Larramendi auzoan jaio bazen, gero, Berrobira joan ziren denak bizitzera.
Berrobin bertan hartu zuen lehen jaunartzea Nieves Brianzo Sampietrok.
Máximo Brianzo, ordea, ez zegoen Berrobiko paper-fabrikan zuen
lanpostuarekin konforme eta lixiba enpresa bat jarri zuen martxan Tolosan.
Bere anaia Sisto Brianzorekin abiarazi zuen lixiba lantegia eta negozioak
arrakasta izan zuen. Ekoizteaz gain, lixiba bera ere banatzen eta saltzen
zuten han eta hemen. Behin, Altsasura joan ziren eta salmenta ikaragarria
izan zen. Negozioaren etorkizuna Altsasun zegoelakoan, Tolosa utzi eta
Altsasura joan ziren bizitzera Máximo Brianzo, Encarnación
Sampietro eta hiru alabak, tartean, urte batzuetara Rodolfo eta izeba
Nievesen ama izango zena. Ordurako, Nieves Brianzo Sampietro lanean
zen, Tolosako Laborde y Labaien lantegian, hain zuzen. Baina Máximok
Altsasuko bidea hartu zuen eta emazte eta alabek ere Tolosa utzi eta
Nafarroara jo behar izan zuten.
Lixiba
lantegiak, ordea, ez zuen luze iraun Altsasun. Ez zuen arrakasta izan
eta Máximoren ametsak berehala urtu ziren. Tren geltokiko kalean
denda bat jarri zuten eta horrela egin zuen aurrera Máximo Brianzoren
familiak.
Altsasuar sustraiak, bestetik
36ko gerran murgildu baino lehen, altsasuar sustraiak ere aipatuko
ditugu. Esan dugu Rodolfo eta izeba Nievesen amaren aldekoak jatorriz
aragoarrak zirela. Rodolfo eta izeba Nievesen aita, ordea, Jose Ubeda
Apaolaza, Altsasun jaio zen. Bere gurasoak bezalaxe. Jose Ubeda Apaolazaren
aita, Jose Ubeda Sánchez, Altsasuko epaitegiko langilea zen.
Francisca Apaolaza Barandiaranekin ezkondu zen baina andrea gazte zendu
eta bigarrenez ezkondu zen Jose Ubeda Sánchez. Catalina zuen
izena bigarren emazteak (abizena ez dute gogoan ez izeba Nievesek, ez
Rodolfok).
Jose
Ubeda Sánchez, bitan ezkondu zena, epaitegiko langile eta UGTko
afi-liatua zen. Hala dakar “Navarra 1936, de la esperanza al terror”
liburuak, (gerora, Rodolfok eta izeba Nievesek baieztatua).
Jose
Ubeda Apaolaza, Jose Ubeda Sánchez eta Francisca Apaolaza Barandiaranen
semea, tren geltokiko langile zen. Altsasuko beste langile asko bezalaxe,
CNT sindikatuan afiliatua zegoen. Tolosatik Altsasura joandako Nieves
Brianzorekin ezkondu zen eta bi seme alaba izan zituzten: Rodolfo eta
izeba Nieves.
XX.
mendearen hasieran euskaraz hitz egiten zen Altsasun. Izeba Nievesen
esanetan, bere amona Francisca Apaolazak euskaraz egiten zuen. Rodolfok
dioenez, aita ere euskalduna zen.
Gerora
ikusiko dugun moduan, edozein sindikatuko kide izatea, garesti ordainduko
zen 36ko gerran.
Ezkontza zibila
Lixiba lantegiak gainbehera egin zuen berehala. Baina Altsasuk
tren geltokia zuen, baita industria ere. Langile asko zeuden. Denetariko
denda batentzat toki egokia izan zitekeen. Esan eta egin. Denda bat
jarri zuten tren geltoki ondoan Máximo Brianzok eta bere emazteak.
Geltokiko
kalea egunero zeharkatzen zuen Jose Ubeda Apaolaza gazteak; etxetik
lantokira eta lantokitik etxera bidean. Jose Ubeda Apaolaza tren geltokiko
langilea zen-eta. Bertako denda ataritik igaroko zen egunero. Akaso
bertako neska gaztea ikusteko aitzakiarekin, maiz igaroko zituen dendako
ateak. Nork daki. Tolosatik etorria zen Nieves Brianzo izeneko neska
gazte hartaz maitemindu zen behintzat tren geltokiko langile gaztea.
Oso gazte ezkondu ziren gerora Rodolfo eta izeba Nievesen gurasoak izango
zirenak: Nieves Brianzok 19 urte zituen; Jose Ubedak, 20.
Baina
ez ziren elizatik ezkondu. Ezkontza zibila izan zen. Bigarren Errepublikaren
garaian, ezkontza, jaunartze eta hileta gehienak bezalaxe.
1975ean,
Franco hil eta gero hasi zen trantsizioa delakoaren ondoren, elizatik
ez ezkontzea gaizki ikusia zegoen. Ez ziguten esan, ordea, Errepublika
garaian (36ko gerra baino lehen) ohikoa zela. Altsasun behintzat bai.
Hala dio "Navarra 1936, de la esperanza al terror" liburuak,
Altaffaylla Kultur Taldeak 1986an argitaratu zuen liburu mardulak.
Ezkondu
eta berehala jaio ziren Jose Ubeda eta Nieves Brianzoren seme-alabak:
Rodolfo eta izeba Nieves. Errepublika garaian jaio ziren biak. Gerra
aurreko garai hura ere gorabeheratsua izan zen. Baina askatasun giroan
bizi ziren Altsasun. Eta askatasun hori defendatzea zen Jose Ubeda eta
Nieves Brianzoren nahia. Hori pentsa daiteke, izan ere, alaba Nieves
Ubedari, izeba Nievesi alegia, Nieves Libertad izena ipini baitzioten.
Lehen
jaunartzea egiteko unea iritsi zenean, Rodolfo eta izeba Nieves bataiatu
gabe zeudela aitortu zien amak. Frankismoa jada indarrean zela, bataioa
eta jaunartzea, dena batera egin behar izan zuten biek.
Gerra
baino lehen, izeba Nievesek kontatu digunez, ederki bizi ziren Altsasun.
Bizikleta zuten, errekan ibiltzeko txalupa txiki bat eta irrati bat
etxean. Garai hartan, oparotasunaren ikur zen irrati bat etxean izatea.
Irrati aparailua ez zen etxe denetan aurkitzen. 36ko gerrak, ordea,
familia gazte haren etorkizuna zapuztu zuen.
Gerra hasi zenean
Gerra hasi zenean, Nieves Brianzo Sampietrok 24 urte zituen
eta bi seme-alaba, Rodolfo eta izeba Nieves. Altsasun, 1936ko uztailean,
ia gizon denek mendira jo zuten. Armarik gabe, ezer gabe. Egun batzuetako
kontua izango zela uste zuten. Baina gerra uste baino gehiago luzatu
zen. Rodolfo eta izeba Nievesen aitak, Jose Ubeda Apaolazak, Errepublikaren
aldeko frontearekin bat egin zuen Altsasuko gazte askok bezalaxe (esan
dugun bezala, CNTn afiliatua zegoen). Tolosatik ere pasa zen; Nieves
Brianzoren lehengusu batzuk hala esan zioten urte batzuetara. Ondoren,
Katalunian ere izan zela uste du izeba Nievesek. Baina ez dakite noiz,
nola eta non desagertu zen. Frantzian, Katalunia iparraldearen aldamenean,
kontzentrazio-eremu asko jarri zituzten. Akaso horietako batean pasa
zituen azken egunak. Egun desagertutzat jotzen da.
Rodolfok
dioenez, 36ko gerra amaitzean Frantziara jo zuen bere aitak, Jose Ubedak.
1940. urtean, Hitlerren Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, Frantziako
erresistentzian hartu zuela parte uste du Rodolfok. 1942. urtera arte,
gutunak idazten aritu zen. Baina urte horretan galdu zen Jose Ubedaren
arrastoa. Donibane Lohitzune eta Dantzarineatik iritsi ziren gutun horietako
batzuk. Beraz, Ipar Euskal Herrian ere ibili zen.
Jose
Ubeda Apaolazaren aita eta Rodolfo eta izeba Nievesen aitona, Jose Ubeda
Sánchez, Altsasuko epaitegiko langilea zen. UGTkoa zela gauza
nabarmena zen Altsasun. Hori izan zen atxilotua izateko arrazoi nagusia.
Jose
Ubeda Sánchezek ez zuen mendira jo. Herrian geratu zen. Eta Altsasun
bertan atxilotu zuten. Francoren aldekoek Altsasun bertan egokitu zuten
espetxean eduki zuten preso hainbat egunez. Goizero, bere emazte Catalinak
eta errain Nieves Brianzok gosaria eramaten zioten. Egun batean, gosari
gehiagorik ez eramateko esan zieten Guardia Zibilek. Jada ez zuela horren
beharrik. Gero jakin zuten Urbasako amildegitik bota zutela.
“Navarra
1936, de la esperanza al terror” (Altafaylla taldea, 1986) liburuak
aipatzen duenez, Jose Ubeda Sánchez erailtzeko asmoa zuten frankistek,
baina nonbait nahastu egin ziren eta Adelino Gil bota zuten Urbasako
amildegitik. Egunkari saltzaile zen eta erdi itsua zegoen Adelino Gil.
Akatsa, ordea, biharamunean “zuzendu” zuten. 1936ko abuztuaren
16an izan zen. 51 urte zituen Jose Ubeda Sánchezek. UGTko kide
izatea izan zen bere delitua.
Lerro
hauek idazterakoan, izeba Nievesek adierazpen bitxia egin digu: “Altsasun,
edadetuenek badakite nork salatzen zituen herriko gorriak. Francoren
aldekoak eta Guardia Zibila ziren herria garbitzeaz arduratzen zirenak.
Baina gorrien bizilagunak ziren salatzaileak”.
Altsasutik
alde egin behar
1936ko uztailean frankistak Altsasun sartu zirenean, gazte gehienak
ihes eginda zeuden. Hala ere, triskantza ugari egin zituzten. Nieves
Brianzo eta Jose Ubeda Apaolaza bikote gazteak bazuen baratza, oilategia...
Francoren aldekoek aihotz bidez dena suntsitu zuten. “Viva España”
eta antzekoak oihukatzera behartu zituzten Nieves Brianzo eta herrian
geratu ziren denak.
Altsasuko
herriaz jabetzeko traba handirik ez zuten izan Francoren aldekoek. Ez
zuten erresistentziarik topatu. Frankistak iritsi ziren gau horretan
bertan, 350 herritar, gazteak gehienak, Altsasu utzi eta mendietatik
Ataun, Beasain eta Gipuzkoako beste herri batzuetara jo zuten. Egun
batzuetako kontua izango zela uste zuten. Errepublikaren aldeko frontea
indartu eta Altsasu askatuko zutelakoan joan ziren herritik.
Gorriak
ezin atxilotu, frankisten mendekua hauxe izan zen: bando bidez, gizabanako
bakoitza bere sorterrira itzultzeko agindua eman zuten. Hor hasi zen
Nieves Brianzo eta bere bi seme-alabentzat amaigabeko erbestea.
Nieves Brianzo Tolosakoa zen jaiotzez. Baina Altsasun ezkondu eta bertan
bizi zen. Etxea, lagunak, baratza, oilategia... Senarrarekin batera
eraiki zuen dena atzean utzi behar izan zuen halabeharrez. Frontea Olazagutian
zen eta ezin Tolosara iritsi. Nieves Brianzoren ama, Encarnación
Sampietro, San Juan de Mozarrifar herrikoa (Aragoa) zen jaiotzez baina
gerra hasi zenean Matarón (Katalunia) bizi zen. Altsasun alaba
bisitatzen ari zela harrapatu zuen gerrak. Encarnaciónen senarra,
Máximo (Nieves Brianzoren aita, alegia), Matarón
atxilotu eta Bartzelonako Modelo espetxera eraman zuten.
Tolosara
ezin itzuli, amaren herrira jo behar izan zuen halabeharrez Nieves Brianzok,
Aragoako San Juan de Mozarrifar herrira. Nieves Brianzoren ahizpa Pilar
Brianzok ere, gauza bera egin behar izan zuen. Pilarren senarra, Tedoro
Urquijo sozialista, Iruñeko espetxean sartu zuten preso.
Bat-batean,
zerua goian eta lurra behean ikusi zuen bere burua Nieves Brianzok.
Aita Bartzelonako Modelo kartzelan, senarra Errepublikaren aldeko frontean
eta bere senarraren aita Urbasan eraila.
Hori
gutxi balitz, Altsasutik alde egin behar zuen. Azkar gainera. Ahal izan
zuen guztia bildu eta gogoz kontra Aragoa aldera jo behar izan zuen
Nieves Brianzok Rodolfo eta Nieves seme-alabekin. Baina hori baino lehen,
Altsasutik Iruñera joan zen. Aurreztutako dirua Iruñeko
banketxe batean zeukaten Nieves Brianzok eta Jose Ubedak. Guztira, 500
pezeta (3 euro). Jose Ubeda Apaolazak, Altsasuko tren geltokiko langile
eta CNT sindikatuko kide, ondorenean iritsi zen guztia aurreikusi zuen
nonbait. Izan ere, aurrezki kontua ireki zutenean, emaztearen izenean
irekitzea nahiago izan zuen. “Badaezpada, zer edo zer gertatzen
bada, nahiago dut zure izenean irekitzea”. Hala esan zion emazteari,
Nieves Brianzori. Horri esker, gerra piztu zenean, Nieves Brianzok 500
pezetak eskuratu ahal izan zituen. Urtea egin zuen horrekin.
Nieves
Brianzo bere ahizpa Pilar eta ama Encarnación Sampietrorekin
batera joan zen Aragoa aldera. Panorama iluna zen. Nieves Brianzok senarra
frontean zuen eta bi seme-alaba aurrera atera behar zituen; Pilar Brianzok
bi alaba txiki zituen eta senarra, Teodoro Urquijo sozialista, Iruñeko
espetxean; Nieves eta Pilarren aita, Máximo Brianzo, Bartzelonako
Modelo espetxean. Alokairuan hartutako etxe batean sartu ziren Pilar
eta bere bi alabak, Nieves Brianzo eta bi seme-alabak (izeba Nieves
eta Rodolfo) eta Encarnación, Pilar eta Nievesen ama.
San Juan de Mozarrifar herrian, senideen babesa izan zuten. Nieves Brianzoren
lehengusua, Esteban Sanz, Alsina paper-fabrikako zuzendaria zen. Zaragozako
Gobernu Zibilera joan behar izan zuen bere bi lehengusu Nieves Brianzo
eta Pilar Brianzo eta izeba Encarnación Sampietroren kargu egiten
zela zin egitera.
Kanpotarrak
eta gorriak
Zailtasun ugari pasa behar izan zituzten. “Errefuxiatuak”,
hala deitzen zieten San Juan de Mozarrifarren. Kanpotarrak izateaz gain,
gorriak ere baziren. Azken hau zama handiegia zen gerra osteko giro
beldurgarri hartan. Baina senideen laguntzari esker, goseari nola edo
hala aurre egin ahal izan zioten. Hala ere, kalamidade handiak pasa
behar izan zituzten. Bi seme-alabak aurrera
ateratzeko, etxeak garbitzen eta jostun lanak egiten aritu behar izan
zuen Nieves Brianzok. Etxe batzuetan josi, beste etxe batzuetan garbitu.
San Juan de Mozarrifarreko paper-fabrikan ere egin zuen lan. Garai hartan,
soldata puntuen arabera kobratzen zen. Seme bakoitzeko, puntu gehiago.
Eta puntu
gehiagorekin, soldata hobea. Alkatearen ziurtagiria behar zen puntu
horiek lortu eta soldata hobea eskuratzeko. Baina Mariano Hurtos San
Juan de Mozarrifarreko orduko alkateak ez zion ziurtagiririk eman nahi
izan. Senarra gorria zuen Nieves Brianzok. Hori zen arrazoi bakarra.
Zegokion soldata kobratu ezinik, bestelako lan osagarri batzuk egin
behar izan zituen. Esan dugu. Etxe batzuetan, jostun lanak; beste etxe
batzuetan, garbitzaile lanak. Bolada batean, gogoz kontra izan bazen
ere, guardia zibil baten etxean lan egitea tokatu zitzaion. Guardia
zibil honen arabera, gorri denak erail behar ziren…
Rodolfo
Ubedak dioenez, “San Juanekoentzat errefuxiatuak ginen. Horrela
deitzen ziguten. Lauzpabost familia ginen egoera berean. Tartean, Kantabriako
bat edo beste. Herri hartan amonaren senitartekoak genituen eta haiei
eskerrak!”. Baina giroa ez zen samurra. Aragoako herri hartan
ere, sei-zazpi lagun fusilatu zituzten.
Rodolfok kontatu digunez, “ama, izeba eta lau lehengusuak elkarrekin
bizi ginen. Etxe zahar hartara guardia zibil bikotea etortzen zen tarteka.
Desagerturik zegoen gure aita edota espetxean zen gure osaba bertan
agertuko zirela uste zuten. Guardia Zibilak etorri orduko negarrez hasten
ginen lehengusu guztiak. Halako batean, isilik egon ezin eta, nire ama
(Nieves Brianzo) haiei zera esatera ausartu zen: Ez al zaizue iruditzen
nahikoa dela? Ez al zarete jabetzen haurrak negarrez hasten direla?”.
Guardia
zibil horietako baten erantzuna ez du sekula ahaztuko Rodolfok: “Zuek
denak fusilaturik egon beharko zenukete”. Rodolfok esan digun
bezala, “sei urte nituen eta horrelakoak entzutea oso gogorra
da. Betiko geratu zaidan oroitzapena da hura”.
Bartzelonan,
urtebetez
Gauzak horrela, San Juan de Mozarrifar herria uztea erabaki zuten Nieves
Brianzok eta bere ama Encarnaciónek. Nieves Brianzoren aita,
Máximo Brianzo, Bartzelonako Modelo espetxean zegoen preso. Encarnaciónek
sena-rraren ondoan egon nahi zuen. Aukera berrien bila, Bartzelonara
jo zuen Encarnaciónek, bere alaba Nieves Brianzo eta Nieves eta
Rodolfo Ubeda bilobekin batera. Baina Bartzelonan ez zuten aurrera egiteko
aukera handirik topatu. Urtebete egin zuten Bartzelonan eta San Juan
de Mozarrifarrera bueltatu ziren berriz ere.
Bitxia
izan zen San Juan de Mozarrifar eta Bartzelona arteko bidaia. Dirurik
ez zuten. Ezin denentzat bidaia-txartelarik eskuratu. Garai hartan trenen
eserlekuak egurrezkoak ziren. Encarnación, Nieves Brianzo eta
seme Rodolfo, bakoitza bere eserlekuan joan zen. Baina Nieves Ubeda
alaba txikia hiruren atzean gorde zuten. Artean txikia zen eta ondo
ezkutatu ahal izan zuten. Interbentorea ez zen konturatu. Horrela egin
zuen gure izeba Nievesek Zaragoza eta Bartzelona arteko bidaia hura.
Tolosarako
bidea
Tedoro Urquijok, Pilar Brianzoren senarrak, Iruñeko kartzelatik
atera zenean San Juan de Mozarrifarrera jo zuen. Máximo Brianzo
ere, gerra bukatzean espetxetik irten eta San Juan de Mozarrifarrera
joan zen. Ezin denak etxe berdinean kabitu.
Máximo eta Encarnación, Nieves Brianzo eta Nieves eta
Rodolfo txikiak beste pisu batera joan ziren bizitzera.
Garaituek
miseria eta kalamidade ugari pasa behar izan zituzten. Eskubiderik gabe,
zapalduak izan zirela dio orain 72 urte dituen izeba Nievesek. Isilik
eta beldurrez bizi behar izan zutela. Gosea pasa zuten. Baina egoera
kaxkarrean bizi baziren ere, ondo gogoan du oraindik gerra osteko errege
egunetako bat. Bere amak ez zuen panpinik erosteko dirurik. Ezin oparirik
egin. Gauez,
trapuz eginiko panpin bat egin zion alabari. Hura Nievesen poza. Errege
egun politenetakoa izan dela dio orain gure izeba Nievesek.
Kozkortu
orduko, lanean hasi zen Rodolfo Ubeda. 12-13 urterekin erremolatxa landatu,
alfalfa bildu… horretan aritzen zen. San Juan de Mozarrifarreko
Alsina paper-fabrikan lanean hasi zen arte. Oso gazte. Bere amaren lehengusuari
esker, Esteban Sanz zuzendariari esker lortu zuen lanpostua. Nieves
ere, 12 urterekin umeak zaintzen hasi zen.
1950
urtera arte, une latzak pasa behar izan zituzten. Gosea, miseria…
besterik ez zen. Rodolfok dioenez, “Aragoako herri hartan, dagoeneko
bertakotzat nuen nire burua. Ama berriz tematurik zegoen. Tolosara etortzeko
gogoz zegoen, neurri handi batean, guretzat etorkizunik ez zuelako ikusten.
Nekazal lurrak, besterik ez zegoen han”.
Juanito
Arozena Tolosako lehengusuak animatu zuen Nieves Brianzo Tolosara etortzea.
Juanito Arozena ezkondu eta ezkon-bidaian San Juan de Mozarrifarera
joan zen, bere lehengusu Nieves Brianzo bisitatzera. Tolosan bazela
lana eta Tolosara joatera animatu zuen Juanitok. Nieves Brianzo tolosarra
zen, nahiz Altsasun ezkondu. San Juan de Mozarrifarreko estuasunak utzi
eta Tolosara etortzeko gogoa zuen. Familia bazuen Tolosan eta Tolosarako
bide hartu zuen Rodolfo eta Nieves seme-alabekin batera. 1952an izan
zen; Rodolfok 19 urte zituen, Nievesek 18.
Tolosara
etortzean, Altsasu bisitatzea izan zen egin zuten lehen gauzetakoa.
Rodolfok azaldu digun eran, 18 urte zituen sorterrira itzultzeko
aukera izan zuenean: “1952 urteko udan, ama eta arrebarekin joan
nintzen Altsasura; herria zein egoeratan ikusteko gogoz zegoelako ama.
Altsasura iritsi eta negarrez hasi, dena bat izan zen. Hunkigarria izan
zen”, azaldu digu Rodolfok.
Hasiera batean, Tolosako Apatta Erreka auzora joan ziren bizitzera.
Handik Tolosako Bidebieta auzora. Bietan, alokairuan egon ziren. Etxebizitza
erosteko modua topatu zutenean, Bizkai kalera, Tolosan hain ezagun diren
Sputnik delakoetara joan ziren bizitzera.
Ezin
aipatu gabe utzi, Tolosara itzuli baino lehen, San Juan de Mozarrifarreko
Alsina paper-fabrikan gomendio-gutun bat eman ziotela Rodolfori. Horri
esker lortu zuen lana Ibarrako San Jose paper-fabrikan. Lantoki honetan
ezagutu zuen Rodolfok Pakita Goikoetxea, gerora bere emazte izango zena.
Ibarran jarri ziren bizitzen eta sei seme-alaba eta -hau idazterakoan-
lau biloba dituzte. Azken 25 urteak Tolosan egin dituzte. Rodolfok 73
urte ditu orain.
Nieves
Ubeda Tolosako Olur lantegian hasi zen lanean, grafikagintza tailer
batean. 6,50 pezeta kobratzen zuen eguneko. Bi urteren buruan, Olur
utzi eta Llanosen jarri zen lanean (metalaren arloan). Soldata doblea
eskaintzen zioten. 13 pezeta egunean. Llanosen beste bi urte egin zituen.
Llanos
itxi egin zuten eta “Engomadora Moderna”n hasi zen lanean.
22 urtez Engomadoran egon zen lanean. Baina hau ere itxi egin zuten
eta 48 urterekin langabezian geratu zen. Langabezia eta indemnizazioarekin
50 urtera iritsi zen. Lansariaren erdiarekin pentsiodun egin zen. 55
urterekin, soldataren %75a kobratzen hasi zen.
72
urte ditu orain Nieves Ubedak eta bakarrik bizi da Tolosan. Sputnik
delako etxebizitzetako batean. Han egin zituen bere amak, Nieves Brianzok,
bere azken urteak. 1981ko ekainaren 2an zendu zen, minbiziaz, 68 urterekin.
Hauxe da 36ko Gerrak gure etxekoen artean izan zuen eragina. Gerra anker
horren itzala luzea, oso luzea da. Haurtzarotik hasi eta gaurdaino iristen
dena. Lerro hauetan Rodolforen eta Nievesen lekukotza biltzen da.
Tolosa, 2006.