XX mende hasieran, Nafarroako industria-gune garrantzitsuenetakoa zen.
Hormigoi eta fundizio enpresa garrantzitsuak zeuden Altsasuko bailaran.
Hori dela eta, langile mugimendua bizi-bizia zen. Tren geltoki garrantzitsua
zuen, jende eta ideia askoren helmuga eta abiapuntua zen.
1914an
lehen langile mugimenduak eman ziren. Anarkismoak indar handia hartu
zuen. 1920ko hamarkadan, CNTk 100 militante inguru zituen, Iruñean
bezain beste. Garai hartan, hormigoia egiten zuen lantegiko langileek
lau
hilabeteko lanuztea burutu zuten.
Primo
de Riveraren diktadurapean, legez kanpo zeuden sindikatu eta alderdi
erradikalenak. Baina horrek ez zuen altsasuarren ezkertiar ikuspegia
ito. 1931. urtean, Espainiako Bigarren Errepublika atsegin handiz aldarrikatu
zen herrian. Garai honetan, Altsasun egin ziren bataio, ezkontza eta
lurperatze asko zibilak izan ziren.
Ordurako,
UGT eta PSOEren presentzia ere nabaria zen herrian. “El Metalúrgico”
egunkaria banatzen zuten eta liburutegi garrantzitsu baten jabe ziren.
CNT, muturreko jarrera bazuen ere, eraginkortasun handiko sindika-tua
zen. Alderdi Komunistak eta Izquierda Republicana alderdiak ere, ordezkaritza
zuten herrian. Ezkertiar ikuspegia, beraz, nagusi zen herrian. Círculo
Católico alderdia ere existitzen zen baina eragin txikiko alderdia
zen.
1934an,
Eusko Alderdi Jeltzaleak egoitza zabaldu zuen herrian. Ingurunea euskalduna
izanik ere, alderdi honen presentzia txikia zen.
Altsasuko langile mugimenduak indarra zuen eta hauteskunde garaian,
anar-kisten eta sozialisten mitin eta ekitaldi askoren lekuko izan zen.
Pentsa zer nolako garrantzia zuen Altsasuk. 1934ko Maiatzaren Leheneko
manifestazioan Santiago Carrillok hartu zuen parte. Garai hartan gazte
sozialisten idazkari nagusia zen (Federación de las Juventudes
Socialistas delakoa). “Bankero eta lurjabeen errepublika hau errepublika
sozialista batean bilakatzeko deia egin nahi dut, boterea era iraultzailean
eskuratuz. UGTk 600 langile antolatuak dituen herri honetan, hemen ere
Gazteria Sozialista antolatzea animatu nahi zaituztet”. Sindikalgintza
mailan zituzten ikuspuntu ezberdinen harira, ika-
-mika ugari izan zituzten Altsasuko UGT eta CNTko buruzagiek.
1934ko urriko iraultzak oihartzun handia izan zuen Altsasun. Langile
askok iraultzarekin bat egin eta grebari ekin zioten Altsasun. Errepublika
eskuinaren esku zegoen garai hartan, Franco Marrakechen zegoen destinaturik.
Handik Asturiasera bidali zuten Errepublikako agintariek (ordukoak,
eskuinekoak). Francoren zeregina iraultza itzaltzea zen eta baita itzali
ere, bidean 3.000 langile gorpu utzi eta gero.
Asturiaseko
errepresioari erantzunez, tren geltokiko kamioi bat irauli zuten Altsasun.
Egun batzuetara, lehergai bat jarri zen. Honen ondorioz, atxiloketa
ugari eman ziren Altsasun. Constantino Salinas zinegotzi sozialista
izandakoa preso zeramatela, Eguzkitza izenez ezaguna zen altsasuarrak
bere semea besoetan zuela protesta egin zuen. Guardia Zibilak tiro egin
zuen eta zerraldo erori zen Eguzkitza.
Errepresioak
ezkertiar kutsuko alderdi eta giza elkarteen batasuna ekarri zuen. Frente
Popular delakoan bildu ziren ezkertiar indar gehienak.
36ko hauteskundeei begira, Altsasuko presoak, amnistia berri baten esperoan,
ezkertiar kutsuko botoa ematera animatu zituzten herritarrak. 1936ko
otsailean egin ziren hauteskundeetan, Frente Popularrak 902 boto eskuratu
zituen. Eskuineko alderdiak, 480. Boto abertzaleak 41 izan ziren.
Francoren altxamendua
1936ko
uztailaren 18an eman zen. Nafarroan
eragina berehalakoa izan zen. Langile mugimendua indartsua zen Altsasun.
Hori dela eta, Francoren sokako militarrek begipuntuan zuten Altsasu.
36ko uztailaren 19an, guardia zibil ugari bertaratu zen. Marino Ayerra
apaizak lehen meza eskaini zuen Altsasuko herrian. Hiru egun lehenago
iritsi baitzen Altsasura. Meza amaieran, Luis Goikoetxea alkatea sakristian
sartu zen apaiz berria agurtzera. Halaxe hitz egin zion apaizari alkateak:
“Minutu gutxi geratzen zaizkit alkate lanetarako, meza garaian
aldaketa
ekarriko duen guardia zibilen kamioia iritsi baita”.
Ezkertiar
kutsua nagusi bazen ere, Altsasun ez zen okupazioari aurre
egiteko defentsarako armarik. Hasiera batean, herriko sarbideak moztea
erabaki zen. Baina defentsarako armamendurik ez zen herrian eta aukera
hori baztertu egin zuten. Arratsaldez, hainbat autobus iritsi ziren.
Lizarrako Arapiles militar konpainiakoak ziren, reketeak ere beraiekin
batera ailegatu ziren. Denak, Pablo Cayuela teniente koronelaren aginduetara.
Langilegoak jar zezakeen erresistentzia itotzeko agindua zuen. Baionetekin,
hauteskundeetako paskinak apurtu zituzten, dantza saioa debekatua izan
zen eta “Viva Cristo Rey” eta “Fuera la República”
oihuak entzun ziren. Kaleak hustu egin ziren.
Aurre
egin ezinik, ezkertiar indarrek herritik ateratzeko kontsigna zabaldu
zuten. Erresistentzia ahal zen tokian antolatzeko deia egin zen. Gipuzkoan
hasi ziren erresistentzia antolatzen. Altxamenduaren biharamunean 350
herritar, gazteak gehienak, Altsasu utzi eta mendietatik Ataun, Beasain
eta Gipuzkoako beste herri batzuetara jo zuten. Francoren Altxamenduak
Gipuzkoan ez zuen arrakasta izan eta Altsasu eta Nafarroako beste herri
batzuetako errepublikazaleen babesleku bilakatu zen.
Altsasutik
hiru kilometrora, Urdiaingo Bentan, eskopetadunak zeuden
altxamendua defendatzeko prest. Altsasuko Paulino Fernandez falangista
ezagunak iristen ziren soldaduak Txunkai izeneko tokian biltzen zituen.
Falangistek armak banatu zituzten eta Lecea farmaziaren atean metralladora
handi bat ipini zuten.
Uztailaren
20an, Cayuela teniente koronelaren babesean, zinegotzi berrien kargu
hartzea egin zen. Lucas Elizalde izendatu zuten alkate.
Egun
horretan, beste 200 altsasuar gehiago herria uztea erabaki zuten. Herria
gizonik gabe geratu zen. Altsasu utzi zuten ia gehienak Gipuzkoara jo
zuten. Batailoi bakar batean biltzea pentsatu zuten, baina ezbehar baten
ondorioz Altsasuk gizonik gabe geratzeko arriskua zuen. Eibartik ekarritako
fusil eta ehizarako eskopetak eskuratu zituzten eta berehala lehen lerrora
jo zuten, Hernanin, San Martzialen...
Ehunka
altsasuar Errepublikaren alde
Gerra
Zibilean, ehundaka altsasuar izan ziren Errepublikaren alde borrokatu
zutenak. Euskal Herriko frontean, Asturiasen, Katalunian eta Madrilen
55
altsasuar hil ziren. Beste hamasei, preso hartu eta erailak izan zirenak.
Beste 13 erretagoardian hil ziren. Errepublikazaleen artean, 84 izan
ziren hildako altsasuarrak. “Espainia eta jainkoaren alde”
hildakoak, aldiz, 9 izan ziren. Azken bederatzi hauek hala aitortuak
izan ziren. Horietako batzuk ezkertiar mugimenduekin harremanatuta zeuden
baina Francoren aldekoek hala-beharrez eurekin eraman zituzten.
Esan
bezala, gazte asko izan ziren Altsasu utzi eta 36ko gerran Errepublikaren
alde borrokatu zutenak. Aipatzekoa da Juanito Goikoetxea “Akullu”
ezizenez ezaguna zena. Dinamita jartzen aritu zen lehenik, gero SESBn
izan zen ikastaro bat egiten eta ofizial gradua eskuratu zuen. 36ko
gerran, “caza” izeneko abioiak gidatu zituen.
Beste
altsasuar gazte batzuk, milizia euskaldunekin batera, Madrilgo defentsan
hartu zuten parte.
Herria
utzi zuten gazteen senideek faszisten indarkeria pairatu behar izan
zuten. Lokal guztietan sartu ziren, ibilgailu guztiak lapurtu (errekisatu)
zituzten, irrati-aparailuak, maindireak, mantak, altzariak... Manuel
Ayerra baino lehen apaiz izandakoa, bisitan izan zen Altsasun. Marino
Aldave zuen izena. Bere bisitak, ondorio bezala, Izquierda Republicana
alderdiarekin alkate izandako Luis Goikoetxearen atxiloketa ekarri zuen.
Herrian estimazio handikoa zen Luis Goikoetxea baina atxilotu eta Iruñera
eraman zuten. Tribunal militar batek 30 urteko kartzela zigorra ezarri
zion, “indar armatuei errebelde” izateagatik.
Errepublikazaleen esanetan, Altsasuko Kaputxinoen konbentutik arma eta
uniforme ugari atera ziren. Altxamenduaren lehen egunetan ere, partehartze
handia izan zuen konbentu honek. Altxatu zirenak euren etxean jasoz
eta errepresioa sustatuz.
Benito
Santesteban y Vizcondoak uniformatuak eta armatuak zeuden taldeen buru
egin zuen. Egun horietako batean, herria plazan biltzeko deia zabaldu
zuen. Errepublika ateoaren “astakeriak” aipatu eta erregimen
berriari men egin eta gero, horrela bukatu zuen bere diskurtsoa: “aurrerantzean,
denak mezara! Ateismorik ez!”.
Herrian
hamar irakasle zeuden. Hiru irakasle kanporatuak izan ziren. Ordurako,
Victor Huarte irakaslea ihes eginda zegoen. Juan Rubio espetxe-ratua
izan zen eta Milagros Marañón, komunista izateagatik kanporatu
zuten.
Falangeak, Altsasun bezala gainontzeko herri eta hirietan ere, emakumezkoen
aurka jo zuen bereziki. Ilea moztu zitzaien errepublikazale familien
emakume askori. Errezinolioa edatera behartzen zituzten eta honek beherakoa
eragiten zien. Altsasun, esate baterako, Julita Zornoza eta bere alaba
herriko kioskoari bueltak ematen jarri zituzten.
Pablo
Arrellano, Anixeto Azpiroz, Paulino Fernandez eta beste falangista batzuk
nabarmendu ziren lan hauetan.
Ezkertiar
kutsuko familia asko erbestera jo behar izan zuten. Indarrez, Altsasun
ziren familia asko kanporatuak izan ziren. Plazan kamioietan sartu eta
Altsasutik bota zituzten. Vicente Bermejok negarrez utzi zuen Altsasu
eta Peraltara jo behar izan zuen, bere jaioterrira. Egun gutxietara
Peraltan fusilatua izan zen.
Sorterrira
itzultzeko agindua eman zuten. Era horretan, lan arrazoiak medio Altsasun
sustraitu ziren familia asko alde egin behar izan zuten.
Lehen esan dugu. 36ko gerra baino lehen, ezkertiar joerako alderdi eta
sindikatuak nagusi ziren Altsasun. Baina altxamendua eman zenean, Gerrako
Junta Karlistak hartu zuen protagonismoa. Lecea botikan, Oyarbide tabernan
edota udaletxean biltzen ziren. Zerrenda beltzak prestatu zituzten eta
lan horietan bereziki Simon de Lecea, Jose Maiza, Cirilo Ruiz de Gaona,
Juan Bergara eta Pedro Arratibel nabarmendu ziren. Antza, Marino Aristorenak
meritu ugari egin zituen eta Altsasuko alkatetzarako hautatu zuten.
Herriaren jabe egin ziren bera eta bere lagunak.
Errekete
eta faszista koadrilak Altsasuko bailara miatzen jarraitu zuten. Gazte
jendea erakarri nahi zuten baina Altsasun ezinezkoa zen. Gizonezkorik
ez zen apenas. Gazte askok sasi artera egin zuten. Hala ere, Sakana
aldeko jende ugari atxilotu zuten. Baina Araba eta Gipuzkoako jendea
ere bazen Altsasuko komandantzian atxiloturik. Ziegak txikiak eta baldintza
kaxka-rrekoak ziren. Eramandako manta eta koltxoiekin, presoen senideek
egoera samurtzen saiatzen ziren.
Lehen
erailketak Altsasun
Abuztuaren
11n lehen erailketak gertatu ziren Altsasun. Felix Muruzabal eta Jose
Iriartek ez zuten alde egin. Faszisten kamioi bat pasa zen euren aurretik
eta antza denez ez zuten agurra erantzun. Kolpeka atxilotu eta kartzelara
eraman zituzten. Gaueko 23:00etan, CNTko kide zen Miguel Goikoetxea
espetxetik atera eta bi gazte horiekin batera Aritzalkoko hariztian
erail zituzten. Lurperatu arte, egun batzuk egin zituzten zendurik Aritzalkon.
Lurperatzeak
sortzen duen lan desatsegina saihestu asmoz, hurrengo egunetan krudelkeria
handiko erailketak eman ziren Altsasun. Atxilotuak Urbasako amildegitik
behera bota zituzten. Batzuk bizirik bota zituzten. Emilio Garcia eta
Adelino Gil halaxe akabatu zituzten. Azken hau egunkari saltzailea zen
eta erdi itsua zen. Antza Jose Ubedarekin nahastu zuten eta Urbasako
amildegitik bota zuten. Dena den, hurrengo egunean, bota zuten Jose
Ubeda Urbasako amildegitik behera.
Víctor
Urquijo ere Urbasan erail zuten. Sozialista ezaguna zen. Zortzi seme--alaben
aita. Hormigoi lantegitik atera eta zuzenean Urbasara eraman zuten.
Joaquín Lizarraga eta bere seme Sabino abertzaleak ziren eta
oso elizkoiak. Fundiciones Alsasuako kontseilaria zen Joaquín
eta Legión Católica de Bilbaoko presidentea ere bazen.
Komandantzian bertaratu zen bere seme atxilotuaz galdezka. Manuel Ayerra
herriko apaiz iritsi berriak konfesatu zituen biak. Gertaera hauekin
asaldatuta zegoen apaiza eta egoera hauek denak “No me avergoncé
del Evangelio” liburuan jasoko zituen. Solchaga
militar komandanteak fusilaketarik eman zenik gezurtatu egingo zion
apaizari. Baina komandante honek atxilotuak bisitatzea galarazi zion
Ayerra apaizari.
Claudio Dieguez, aldiz, irailaren 13an fusilatu zuten. Gregorio Zufiaurrek
Donostiara ihes egin zuen. Bere emazteak erakarrita itzuli zen herrira.
Faszistek jarritako alkateak, Lucas Elizaldek, ezer ez zitzaiola gertatuko
agindu zion Gregorioren emazteari. Atxilotu zutenean ez zioten alaba
txikia ikusten utzi. Lizarrustin erail zuten irailaren 22an.
Urbasako
mendilerroa
Erailketa
beldurgarrien lekuko izan zen. Otxoportillo, Basanziturri eta Ordozeko
amildegiek betiko irentsi zituzten Sakana eta inguruko herritar ugari.
Era honetan, faszistek, lurperatzeak eskatzen duen lan desatsegina ekiditen
zuten. Artzainak gertaera hauen jakitun ziren. Amildegira bizirik bota
zituztenen artean, hilzorian geratu zirenen agonia ez zuten sekula ahaztuko.
Olaztiko gazte bat amildegira jaitsi zen ea aita han ote zen, baina
ez zuen aurkitu. Idiazabalgo eremutik gizon bat bota zuten eta bila
joan zitzaion semeetako bati gauza bera gertatu zitzaion. Amildegitik
bota behar zutenean, altsasuar batek ihes egin ahal izan zuen. Pilatosen
Balkoia deritzona ere, atxilotu asko desagertarazteko erabili zuten.
40ko
hamarkadan, tifus epidemia zabaldu zen Olaztin. Herriaren psikosia hain
zen handia, amildegietan erail zituztenen gorpuek urak kutsatu zituztelakoan
zeuden. Hori dela eta, amildegietako zulo asko harriz eta
lurraz estali zituzten. Gaur egun, eraildakoen senideak Otxoportilloko
amildegian biltzen dira urtero. Eskualdeko herritar askorentzat, askatasun
ikur dira amildegi hauek.
Erretaguardian
fusilatua izan zen azkena Antonio Goikoetxea izan zen, 1931n alkate
izandakoa. Bere emaztea ordurarte karlista izan zen eta sena-rra salbatzen
ahalegindu zen. Baina ahalegina alferrikakoa izan zen.
Indar frankistak aurrera bidean jarraitzen duten garaian, errepublikazaleen
aldean eroritako bizilagunen berri izango dute Altsasun. Ia gehienak
Euskadi batailoian erori ziren: Alderdi Komunistako Arregi anaiak, Aznar
anaiak, Jose Mari Garasa (Durangoko bonbardaketan), Muskiaran anaiak,
Antonio Ortega Elgetan (hiru seme utzi zituen), Eloy eta Isidro Zufiaurre
Donostian eta Artxandan... Eta horrela 60tik gora izan ziren lehen lerroan
hil zirenak. Ia gehienak 23 urte inguruko langileak ziren.
Atxilotuak
izan ziren asko ere erailak izan ziren. Tomas Lecea eta Leandro Saez
de Adana (sei seme-alaben aita) Hernanin fusilatuak izan ziren 1936ko
urriaren 8an.
Jose
Aguirre Urrestarazu artilleriako kapitain izan zen eta abioiz Frantziara
zihoanean, abioi gidariak saldu egin zuen eta abioiak Zarautzko hondartzan
hartu zuen lur. Atxilotua izan zen eta Gasteizen fusilatu zuten. Eugenio
Casteig, garai hartan ezaguna zen pilotaria, Iruñean fusilatu
zuten.
Asturias
erori zenean, Altsasuko talde bat atxilotua izan zela zabaldu zen herrian.
Errepublikazale hauen heriotza eskatuz manifestaziorako deia zabaltzen
hasi ziren faszistak. Honen aurrean, Marino Ayerra apaizak karitateaz
eta barkazioaz hitz egin zuen mezan. Atrebentzia handia izan omen zen
eta faszistek eskatuta, elizako buruek bere aurkako prozesua zabaldu
zuten, Espainia eta Movimiento Nacional delakoaren kontra jotzeagatik.
Aske utzi zuten baina karitatea eta barkazioa baloreen aurrean isiltzeko
gomendioa egin zioten. Kaputxinoen konbentuak egin zuen salaketa.
Altsasuko
faszistak herrian egindako “garbiketarekin” nahikoa ez eta
espetxe ezberdinetara jo zuten. Alfonso Chicharro, Martin Otxoa, Andrés
Beraza, Eloy Sanz eta Martin Somocurcio Santoñan fusilatuak izan
ziren. Antonio San Román gerra ondoren preso eroritakoekin osatu
ziren “batallón de trabajadores” delakoan hil zen;
Pablo Lecea, Jose María Mazkiaran, Martin Lopez idazlea bezala.
1942an Kanariar Irletan zendu zen Miguel Larraza. Hau ere, “batallón
de trabajadores” horietako batean lan egitera behartu zuten.
Gerra amaiera
Altsasun
izan zuen oihartzuna ere deskribatu zuen Marino Ayerra apaizak: “se
organiza una gran manifestación, de júbilo unos y de dolor
en la casi totalidad del pobre pueblo, definitivamente ya sojuzgado
y metido, otra vez, en cintura, convertidos en siervos de la gleba de
nuevo, sin libertad, sin personalidad, sin derechos. Vuelta atrás,
a la España Imperial y Católica, a la unidad de la fe,
de la censura, de separación de clases, de riqueza de unos y
miseria de otros. Vuelo de campanas, marchas triunfales, manifestación
saliendo de la Comandancia a la Parroquia, de ésta a Capuchinos
y regreso a la Comandancia. Intervención del Párroco deseando
la paz a todos, intervención del Guardián de Capuchinos
diciendo que no ha terminado la Guerra, que hay que seguir vigilando
para perseguir siempre a los de la República laica, los de las
matanzas de obispos y sacerdotes, los de la quema de conventos... Hay
que hacer justicia”.
Gerra
bukatu eta gutxira, Altsasun izan zen bisitan Alemaniako Gestaporen
eta nazismoaren buruetako bat, Heinrich Himmler. Aristorena eta Nafarroako
beste politiko batzuekin batera bazkaldu zuen. Garai hartan bizi zen
giroaren erakusgarri. “Navarra 1936, de la esperanza al terror”
(Altaffaylla Kultur Taldea, 1986) liburuan Altsasuri eskainitako pasartea.
Euskaratua (jatorrizko testua kastellanoz dago).