NAnalisia


 
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Analisia

BIDE ERTZEAN 'Leidor Sessions' (CD-DVD)
Jon Eskisabel • Kazetaria, musikan aditua

Nitaz, zutaz, gutaz abesteko jaio zen Bide Ertzean. Beharbada hori izango da talde eta kantari gehienen asmoa, baina Imanol eta Joni Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik hasieratik asmatu zuten nola egin: “poesia, kantua eta desioak” osagai zituzten abestien bidez. Bidenabar, eta modu erabat kontzientean, beste sentsibilitate eta estetika bat ekarri nahi zioten euskal musikagintzari, melodia soiletan oinarrituriko pop akustikoarena, baina, eta horra hor hirukotearen apusturik nagusietakoa, kantautoreen eremura mugatua zirudien olerkigintzaren sentiberatasuna eta hitzak musika bezainbat zaintzeko ardura gaur egungo talde baten formatura eramanez. Taldearen izenak ez zuen gezurrik esaten: soinu elektriko eta erasokorrek mendean harturiko euskal musikaren agertokian bazter bat okupatu zuen hirukoteak 90eko harmarkadaren amaieran.

Hamar urte geroago, Deabruak Teilatuetan Ubeda anaien beste taldearen geldialdi batean sortutako egitasmoak ibilbide sendo, koherente eta oparoa eraiki du. Ezerk ez du taldea bere helburutik desbideratu. Jauzi handirik gabe, baina beti urrats bat aurrera emanez, bide horretan taldea osatu egin da partaide berriekin. Taldekide hutsa izateaz harago, Bide Ertzeanen nortasuna finkatzen eta zabaltzen lagundu dute Fran Iturbek (gitarra) eta Joserra Senperenak (pianoa eta teklatuak); haiek gabe ezin da ulertu gaur egun taldea. Eragin eta sonoritate berriak bereganatu ditu (pop ingelesetik AEBetako americana delakora) eta euskal poeten olerkiak musikatzeaz gain (Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Iñigo Aranbarri, Mikel Ibarguren...) bere ahots propioa ere aurkitu du, hitzen intimismo edo lirikotasunari atxikirik baina kezka eta gogoeta sozialei ere leku eginez. Beti bare, manifesturik idatzi gabe, umiltasunez, baina temati.

Pop onaren bertutea dute Bide Ertzeanen kantuek, entzulearengana berehala iritsi eta denboran irautekoa. Ez dira behin erabili eta botatzen diren horietakoak. Dela melodia eder bat, dela esaldi gogoangarri bat, edo gustu onez egindako moldaketa bat... Beti bada Bide Ertzeanen kantuetara itzultzeko arrazoiren bat.

Joan den urtarrilaren 16an bere “etxera” gonbidatu gintuen Bide Ertzeanek, Tolosako Leidor antzokira, hamar urteko ibilbidea ospatzeko. Denok eroso sentitu gintezen atondutako eszenografia dotore batez inguraturik, orain arte kaleratu dituen sei diskoen errepaso zabala egin zuen taldeak, abestiak taldearen gaur egungo zuzeneko sonoritatera ekarriz, moldaketa berriez jantzirik. Unerik onenean dauden bost musikari taula gainean, eta kantu sorta luze bat. Besterik ez. Artifiziorik gabe, gonbidaturik gabe. Kantuak izan ziren bi orduko emanaldiaren protagonista bakarra. Leidor Sessions zuzeneko diskoak -Bide Ertzeanen lan guztiak bezala, Kaki Arkarazok grabatua- taldeak eta abestiek hamar urteotan izan duten bilakaera handiaz jabetzeko aukera ederra eskaintzen du. Ia bi orduko emanaldian eskainitako kantuetatik 16 aukeratu ditu taldeak, horien artean dagoeneko euskal pop-rockaren klasikoak diren Hiri emanen dizkinat, Hotel Bel- Air, Atsegin ditut, Zuk esan edota Zein da bidea. Bada inoiz argitaratu gabeko abesti berri bat ere, Graffitti.

Entzuteaz gain, ikustea ere merezi zuen. Raul Lopezen zuzendaritzapean, Modu Operandis ekoiztetxea arduratu zen kontzertua irudietan jasotzeaz. Emanaldiaren osagarri, DVDak zenbait elkarrizketa jasotzen ditu. Bide Ertzeanen ibilbideaz, ekarpenaz eta musika ulertzeko ikuspegiaz mintzo dira Jose Luis Otamendi, Iñigo Aranbarri eta Kirmen Uribe idazleak, Gorka Urbizu musikaria (Berri Txarrak), Kaki Arkarazo soinu teknikaria eta Joxe Felix Azkarate Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduraduna.

 

 

 
Jon Eskisabel • kazetaria