2009,
urtarrila • Leidor sessions •
Bide
Ertzean taldearen
ibilbidea
1998-2008
1998tik
hona, ibilbide ederra osatu du Bide Ertzean taldeak. Gurean ez-ohikoak
ziren doinuak lantzen zituelako nabarmendu zen, hasiera hasieratik,
Tolosaldeko hirukotea, Ubeda anaiek
eta Karlos Aranzegi baterijole apartak
osatutako taldea. Bost kantuz osatutako lehen CD hura (Gaztelupeko
Hotsak, 1998) izan zen aurkezpen modukoa. Etorkizun oparo baten
ildoak ezarri zituen lana.

Baina musikak jende berria ezagutu, paraje berriak urratu eta sentsibilitate
ezberdinak uztartzeko balio izaten du. Laster, hirukotea boskote
bihurtu zen. Fran Iturbe gitarrajolea Bide Ertzeanen estilora ondo
baino hobeto moldatu zen eta Labrit kantari usurbildarrak ere bere
ukitua eman zion hasierako hirukotearen proposamenari.

“Zure
minari” boskote moduan landutako diskoa izan zen (Gaztelupeko
Hotsak, 1999). Disko kontzeptuala izan zen. Berezia.

Azpeitiko
Jose Luis Otamendi poetari egindako aitortza. Urolako idazle honen
poemekin osatutako lana izan zen hura.

Pop
doinuetatik harago, taldeak zeresanik bazuela adierazteko balio
izan zuen “Grisa” diskoak (Gaztelupeko Hotsak, 2000).

Labritek
bakarkako ibilbideari ekin zion eta Bide Ertzeanek, laukote moduan,
inoizko lanik rockeroena eta gordinena plazaratu zuen.

2002an, Tolosaldeko taldeak itsaso berrietan murgiltzeko pausoa
eman zuen. Joserra Senperena pianojole donostiarrarekin hainbat
kantu errejistratu zituzten. Rock talde klasikoen kutsua hartu zuen
taldeak, eta horretaz aparte, pop melodia ederrak osatu zituzten
“Maite Out” izeneko diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2002).
“Maite
Out” diskoarekin hasitako lanari jarraipena eman zioten “Esan
bare” diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2004). Joserra Senperena
taldeko kide bilakatu zen eta boskote moduan, disko zoragarria osatu
zuten.

36ko
gerrak ondoriorik izan zuen Ubedatarren etxean. Gai hori hizpide
harturik, Bide Ertzeanek “Non dira” diskoa argitaratu
zuen 2006an (Gaztelupeko Hotsak). Lan honek oihartzun handia izan
zuen eta disko honetako kantuak dokumental, antzerki-obra nahiz
ekitaldi askotako osagarri egokian bilakatu ziren. Bi hilabetez
aritu ziren taldekideak lanean, taldearen diskorik landuena da beraz
“Non dira”. Hortik, akaso, jasotako laudorio denak.

“Non
dira” lanaren aurkezpen kontzertuetan hasi ziren Bide Ertzeanekoak
zuzeneko disko batean pentsatzen. Taldea, boskote moduan, sendo
ari zen zuzeneko emanaldietan.
Eta
sendotasun hori, indar hori, kontzertuetan gauzak egiteko modu hori
zuzeneko disko batean jasotzeko garaia iritsi zela erabaki zuten.
2008an, taldearen hamargarren urteurrenean, “Leidor sessions”
zuzeneko diskoa prestatzen hasi ziren. Hala, 2009ko urtarrilaren
16an, Bide Ertzean taldeak zuzeneko emanaldi aparta eskaini zuen
Tolosako Leidor aretoan. Aparta, sarrera guztiak agortu zirelako.
Aparta, taldeak aspaldiko doinuak berreskuratu zituelako. Aparta,
kantu berriak aurkezteko eguna ere izan zelako. Eta aparta, taldearen
eta ikusleen arteko komunikazioa inoizko onena izan zelako. Asko
lagundu zuen eszenografia zainduak, taldeak emanaldi atsegina eskaintzeko
grinak, ikuslegoak gau eder bat igarotzeko azaldu zuen gogoak. CD
nahiz DVD euskarrietan errejistratua izan da gau magiko hura, “Leidor
sessions” izenekoan.

Modus
Operandi donostiar ekoiztetxeak irudiz jaso zuen Leidorreko kontzertua
eta horrekin batera, Raul Lopez errealizadorearen aginduetara, taldeari
buruzko dokumental modukoa ere osatu dute.
“Leidor sessions” (Gaztelupeko Hotsak, 2009) argitalpena,
beraz, bikoitza da. CD bat eta DVD bat jasotzen dituelako bere baitan.
DVDan, CDan jasotako doinuak ikus daitezke eta baita taldeari buruzko
dokumentala ere. Dokumental hori osatzeko, taldearen ingurukoak
diren hiru idazleren adierazpenak jaso dira: Kirmen Uribe, Jose
Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri. Gorka Urbizu Berri Txarrak
taldeko kantaria, Xarra Azkarate Gaztelupeko Hotsak zigiluko kidea
eta Kaki Arkarazo soinu teknikaria eta ekoizleak ere hartu dute
parte dokumentalean.
|