Ospakizuna
Berastegin
:::
URRIAK 18, ARGAZKI
BILDUMA (© Unai Perea)
::: Emanaldi berezia | Karlos&Ima&Joni
zuzenean

Irailean okurritu
zitzaigun. “Urrian hamar urte egingo ditugu elkarrekin eta
nola edo hala ospatu beharko genuke”. Antzeko zerbait aipatu
zigun Jonik Karlosi eta niri. Karlos berehala animatu zen. Urrian
libre antzean izango zela eta berarengatik konforme, gogo handia
zuela gainera. Nik, ordea, zalantza gehiago nituen. Ez naiz urteurren
zalea, nire urtebetetze eguna, esate baterako, ez dut batere gustuko.
Dena den, Joni
eta Karlos hain animatuta ikusi nituen, ezetz esateko ausardiarik
gabe geratu nintzela. Eta eskerrak. Hamar urteotako gau eder horietakoa
izan baitzen Berastegikoa.
Urteurrenaren kontuarekin, Bide Ertzeanen aspaldiko kantuak gogora
ekartzeko aitzakia baliatu genuen eta, horri esker, ia-ia ahaztuta
genituen hainbat kantu gogora ekarri ditugu. Horretarako, entsegu
dezente egin behar baditugu ere. Baina ez pentsa lan nekeza izan
denik. Kontzertua bezain aberasgarriak izan baitira prestaketa lanak:
kantu zaharrekin kontu zaharrak gogora ekarri, molde berriekin aspaldiko
doinuak berreraiki, ideia berriekin jolastu…
Baina egun handia
urriaren 18koa zen. Berastegikoa ez zen beste jaialdi bat gehiago
guretzat. Hamar urtez elkarrekin gaudela ospatu nahi genuen gure
inguruko lagunekin batera. Berastegiko gazteek hasieratik laguntza
osoa eskaini ziguten eta horrek lan denak erraztu zituen.
Ezin gehiago
eskatu. Saioarekin gustura geratu ginen, kolaboratzaileak ere pozik
ikusi genituen, Aritz DT
“Zu ikusi orduko” kantuan eta Iñigo DT
“Ez dut atzera egingo” zein “13 rosas rojas”
kantuetan. Bukaeran, Ima
Goiko eta Joserra Senperena ere gurekin izan ziren taula gainean.
Bide Ertzean taldearen azken urteetan, hain garrantzitsuak izan
diren musikari handiak, Ima eta Joserra.
Eskertzekoa
ere, kontzertu bukaeran Dj Jonek eskaini zuen saioa. Festa luzatzen
lagundu gintuen. 4:30ak aldera edo, pozik utzi genuen Berastegi
eta Tolosara jo genuen, San Esteban auzoko festetara. Merezi genuen
horrelakorik, ze arraio.
Hamar urte egin ditugu baina hamaika ideia gehiago ditugu buruan.
Gauzak okertzen ez badira, laster izango duzue gure berri. Zuzeneko
bat grabatzeko garaia dela uste dugu eta horretan gabiltza.

1998ko
uda • Tolosa • ©Xabier Ubeda
|